Politika -

ESTATUKO AURREKONTUAK

Urkullu, Estatuko Aurrekontuak babesteko erabakiari buruz: 'Zaila bezain zuzena da'

Halaber, 'berandu baino lehenago Katalunian Gobernu eraginkor bat' egongo dela sinetsita dago.

Iñigo Urkullu lehendakaria. Artxiboko argazkia: Irekia
Iñigo Urkullu lehendakaria. Artxiboko argazkia: Irekia
Iñigo Urkullu lehendakaria. Artxiboko argazkia: Irekia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Katalunian 155. artikuluak indarrean jarraitzen duen arren, atzo EAJk 2018ko Estatuko Aurrekontu Orokorrak babesteko hartutako erabakia defendatu du gaur Iñigo Urkullu lehendakariak. Haren esanetan, "erabaki zaila bezain zuzena" izan da. Are gehiago, "berandu baino lehenago Katalunian Gobernu eraginkor bat" egongo dela sinetsita dago.

Munduko Turismo Erakundearen batzarraren inaugurazio ekitaldian parte hartu du Urkulluk eta bertan egin ditu adierazpenok.

Lehendakariaren iritziz, Espainiako Gobernuaren Aurrekontuak babesteko erabakia "zaila" izan da, baina bere hitzetan "epe motzera begiratzen den garaian etorkizunera begiratu" daitekeela argi gelditu da. Haren esanetan, konfrontazioaren aurrean akordioa bilatu da eta interes partikularren gainetik interes orokorrak lehenetsi dira.

Erabaki "zuzena" ere badela dio, haren iritziz, egonkortasun instituzionala ekarriko duelako errekuperazio ekonomikorako eta enpleguaren sorrerarako "garrantzitsua den momentuan", eta "pertsonei begiratzen" dielako pentsioen igoera aurreikusi eta emakume eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzen duelako.

"(Erabaki) Zuzena da euskal agenda aztertzen duelako eta Euskadiren modernizazioari, ekonomia errealari eta ekonomia produktiboari laguntzen diolako", azpimarratu du Urkulluk. Ez hori bakarrik, euskal gizartearen eta suspertze ekonomikoaren mesederako izango dela uste du.

Katalunian 155. artikulua indargabetu ez den arren EAJk Aurrekontuei baiezkoa eman izana ulertuko ote den galdetuta, Urkulluk esan du herritarrek badakitela alderdi katalanei zein erabaki dagozkien eta zein izan den EAJren eta Eusko Jaurlaritzaren jarrera Kataluniarekiko. "Sinetsita nago berandu baino lehen Gobernu eraginkor bat egongo dela Katalunian", nabarmendu du. Are gehiago, Kataluniatik bertatik 155. artikulua indargabetzearen beharra planteatzen ari direla adierazi du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua azken ordukoa Politika Azken albisteak Urkullu Eusko Jaurlaritza albisteak Espainiako Gobernua albisteak Espainia Ekonomia albisteak Albisteak Gaur Albisteak Estatuko Aurrekontu Orokorrak 2024