Politika -

Bilera

Autogobernu Lantaldea geldi, alderdien arteko kritika gogorren artean

"Muturreko proposamenek blokeo” bat sor dezaketela ohartarazi du Elkarrekin Podemosek. EAJren proposamenari “Kanboko Estatutua” deitu dio PPk.

Autogobernuaren Lantaldearen bilera Legebiltzarrean. Argazkia: EFE
Autogobernuaren Lantaldearen bilera Legebiltzarrean. Argazkia: EFE
Autogobernuaren lantaldeak agerian utzi ditu alderdien desberdintasunak

2:03

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Itxuraz, Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldearen bilerak ez du talde politikoek jarrerak hurbiltzeko balio izan. Are gehiago, “muturreko” proposamenek jarraitzen baldin badute blokeo bat eman daitekeela ohartarazi du Elkarrekin Podemosek.

Lantaldeak bi orduko bilera egin du arratsaldean, 1979ko Gernikako Estatutua eguneratzeko testuaren hitzaurrea adosteko asmoz. EAEko Estatutua aldatu ez den bakarra da Estatuan.

Asteartean EAJren proposamenaren berri izan ondoren egin dute batzarra. PSE-EE gobernukidearekin desadostasunak agerian geratu dira, “Euskal Herria” eta “nazioa” bezalako kontzeptuak proposatuta, eta Estatuarekin “aldebiko” harreman bat planteatu ondoren.

Bileraren ostean, EH Bilduk balorazio positiboa egin du, orain “euskal gizarteak behar duen statusetik pixka bat hurbilago gaudelako”.

Elkarrekin Podemosek, aldiz, “muturreko proposamenek blokeoa” sor dezaketela ohartarazi du; izan ere, akordio “zabala” izan behar duena oztopatzen dute. “Gehiengoen eta gutxiengoen” jokotik ihes egin behar dela erantsi du koalizio moreak. Horregatik, Estatutuaren erreforma EAJrekin eta EH Bildurekin bakarrik bultzatuko ez duela argi utzi du.

Testu berriak indarrean dagoen ordenamendu juridikoa errespetatzea beharrezkoa dela uste du Lander Martinez bozeramaileak. Koalizio moreak “aukera integratzailea ordezkatzen” duela defendatu du Martinezek, “euskal gizartea hobekien ordezkatzen” duen aukera delako. Euskadi “erkidego nazional” bezala aintzat hartzea bezalako ideiak partekatzea baloratu du, baita eskubide sozialak eta gizon-emakumeen arteko berdintasuna ere.

Euskadi eta Euskal Herria zehazteko orduan, ordea, desadostasunak dira, baita erabakitzeko eskubidea kontzeptuaren inguruan ere, baina “elkarrizketak zabalik jarraitzen du”, gaineratu duenez.

Bestalde, “legalitatearen barruan eta segurtasun juridikoarekin” autogobernua hobetzea posible ikusten du PSE-EEk. PPren hitzetan, EAJren proposamena “historiako erradikalena da”, eta ETAk desegite agirian “markatutako bide-orriari” heltzen dio.

Eskubide nazionalen inguruko eztabaida baztertu eta giza eskubideen inguruan jarrerak hurbiltzeko apustua egin du Jose Antonio Pastor bozeramaile sozialistak.

Hitzaurrearen inguruan “ezer erabakirik” ez dagoela azpimarratu du Pastorrek, eztabaida “lehen pausoak” ematen ari delako. Hala eta guztiz ere, hitzaurrearen azken testuari boto partikularra emateko aukera planteatu du, PSE ados ez baldin badago, Estatutu berria idazteko ardura izango duen adituen batzordeak kontuan har dezan.

EAJren agiriari  “Kanboko Estatutua” deitu dio Borja Semper PPko bozeramaileak, ETAren amaiera egiaztatzeko goi-bilera hartu zuen Lapurdiko herriari erreferentzia eginez. “Euskal gizartearen ikuspegi uniforme eta abertzalea” azaltzen du, kritikatu duenez.

“Bide horrek egonkortasun politikoa eta ekonomikoa larriki mehatxatzen du”, “Kataluniaren pare jarri” eta “gainditurik zegoela uste genuen blokeen politikara berriz eramaten gaitu”, adierazi du Semperrek.

EAJ lantaldeko bileraren inguruan adierazpenik egin ez duen talde politiko bakarra izan da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Eusko Legebiltzarra Alderdi politikoak EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi