Politika -

'Altsasu auzia'

Ospa Mugimendua ETArekin lotzen saiatu da Guardia Zibila

Agenteek aurkeztutako dokumentu gehienak 90eko hamarkadakoak dira eta, defentsari erantzunez, onartu dute horietako batek ere ez duela mugimendu hori ETArekin lotzen.

Altsasuko gazteen epaiketa
Altsasuko gazteen epaiketa
'Alde hemendik' mugimendua ETArekin lotzen du Guardia Zibilaren txostenak

1:22

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Altsasuko auziaren epaiketak zazpigarren eguna bete du. Gaurkoa saioan Guardia Zibilaren hiru perituk deklaratu dute. Agente horiek egindako txostenean oinarrituta auzipetu dituzte terrorismoa egotzita Altsasuko zortzi gazteak.

Guardia zibilek esan dute ETAk 'Alde Hemendik' kanpaina "fagozitatu" zuela eta horren erakusgarri erakunde horrek 'Zutabe' eta 'Zuzen' barne buletinetan argitaratutako zenbait testu aipatu dituzte.

Horrez gain, ETAk "bere inguruko erakundeei" Estatuko Segurtasun Indarrak Euskal Herritik kanporatzeko aldarrikapen kanpaina abiarazteko agindua eman ziela adierazi dute. Erakunde horietako batzuk desegin baziren ere –Segi, Askatasuna eta Ekin aipatu dituzte-, "Sortu edo Ernai bezalako beste batzuk eratu zituzten" kanpaina horrekin aurrera jarraitzeko.

Altsasuko kasuan, 2011n, helburu horrekin Ospa Mugimendua sortu zutela gaineratu dute.

Halaber, Ospa Mugimenduak 1999an Josetxo Arizkuren Ruiz ETAko buruzagi izandakoari atzemandako "eskuliburu batean idatzitako irizpideak" jarraitzen dituela azpimarratu dute.

"Ez dugu esaten pertsona horiek –Ospa Mugimenduko kideak- ETAko kideak direnik edo ETAri laguntzen diotenik; esan nahi duguna da ETAk emandako jarraibideetan oinarritutako indarkeria eragin dutela. Hau da, indarkeria eragin dute helburu politiko batzuk lortzeko", zehaztu dute.

Bestalde, Amaia Izko defentsako abokatuak gogoratu du Guardia Zibilak aurkeztutako dokumentu gehienak 90eko hamarkadakoak direla eta Ospa Mugimendua ETArekin lotzen duen dokumenturik ote dagoen galdetuta, guardia zibilak "ezetz" erantzun dio.

Era berean, agenteek onartu du Ospa Mugimenduak antolatutako ekimenak baketsuak izan direla, eta bere txostenean 'Ospa Eguna' talde horrek inoiz egindako "indarkeriaren adierazpen handiena" izan zela esan arren, ekimen haregatik prozesu judizialik abiarazi ez zela aitortu dute.

Estatuko Segurtasun Indarrak Euskal Herritik kanporatzeko eskaria ETAz harago doan "aldarrikapen herrikoia" dela eta 70eko hamarkadatik existitzen dela onartu dute. "EAJk berak ere eskatzen du, baina indarkeriarik gabe", gaineratu du guardia zibiletako batek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Politika Nafarroa ETA Epaiketak Gaurko titularrak Albisteak Altsasu Gazteak azken ordukoa