Politika -
''Europaren etorkizuna''
Jaurlaritzak 'zatituta' aurkeztu dio EBri autogobernu eta kontsultei buruzko idatzia
PSE-EEko sailburuen desadostasuna duen dokumentu batek proposatzen du Europako araudian autogobernu mailako kontsultei buruzko zuzentarau bat gehitzea.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak “Europaren etorkizunaren inguruko ikuspegia” dokumentua aurkeztu du, Europar Batasunari helarazteko, eta, bertan, Europako araudian autogobernu mailako kontsultei buruzko zuzentarau bat gehitzea proposatu du, PSE-EEko sailburuen ezadostasunarekin.
Lehendakariak ekimena aurkeztu du gaur, eta idatziak "Europar Batasun soziala, federala eta maila anitzeko gobernantzan oinarritutakoa" defendatzen duela azaldu du. Urkulluren hitzetan, asteartean onartu zuen testua Gobernu Kontseiluak, PSE-EEko hiru sailburuek “Europa Politikoa” atalean esaten zenarekin “ezadostasuna eta objekzioa” erakutsi zutela.
Atal horretan, Gasteizko Exekutiboak eskatzen du estaturik gabeko nazio eta herriak EBren gobernantzan txertatzeko ereduari buruzko elkarrizketa abiatzea eta aldarrikatzen du “eskualde eta nazio konstituzionalek” erabakietan parte hartzeko bideak zabaltzea.
Proposamen konkretu horren arabera, dokumentuak, sozialisten ezadostasunarekin, “Eskualde Konstituzionalek parte hartzeko erakunde bat sortzeko aukeraren” alde egiten du, “susta dezan Eskualdeak EBren benetako subjektu aktiboa izatea, komunitatearen politikak diseinatzen eta erabakiak hartzeko prozesuetan bete-betean parte hartu dezaten“.
PSE-EEren babesik gabe, halaber, testuak eransten du EBren araudian Argitasun Zuzentarau bat gehitu beharko litzatekeela, bere etorkizunari buruz erabakitzeko asmoa argi eta garbi erakutsi duten lurraldeek “ahal izan dezaten legez eta parte hartzen duten estatuarekin adostuta eta haren bermeekin herritarrei bere etorkizunari buruz galdetu”.
Lehendakariaren esanetan, PSE-EEko sailburuen ezadostasuna “normaltasun osoz” jaso dute proposamenean, gobernu programan bezalaxe, eta azpimarratu du Eusko Jaurlaritzaren dokumentu bat dela eta eduki nagusian bat datozela bi gobernukideak.