Politika -

KATALUNIA

Zalantzak nagusi, gaur Kataluniako Parlamentuan egitekoa den inbestiduraren aurrean

Parlamentuko Mahaia 10:00etan elkartuko da eta, aldaketarik ezean, inbestidura saioa 15:00etan hasiko da.

Kataluniako Parlamentua, hutsik. Artxiboko argazkia: EFE
Kataluniako Parlamentua, hutsik. Artxiboko argazkia: EFE
Kataluniako Parlamentua, hutsik. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aurreikuspenak betetzen badira, 15:00etan hasiko da Carles Puigdemont JxCat zerrendako burua presidente izendatzeko inbestidura saioa Kataluniako Parlamentuan. Dena den, oraindik ez dago argi Carles Puigdemont presidentegaia Parlamentura agertuko den, ezta inbestidura saioa egingo den ere.

Auzitegi Konstituzionala eta Kataluniako Parlamentuko abokatuak bat etorri dira eta presidente aukeratua izateko Puigdemontek Parlamentuan egon behar duela ebatzi dute. Bruselatik itzultzen bada, ordea, oso litekeena da atxilotua eta kartzelatua izatea. Konstituzionalaren esanetan, Parlamentuko saiora agertzeko baimena eskatu beharko lioke Puigdemontek Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileari. Antza denez, Puigdemontek ez dauka baimenik eskatzeko asmorik.

Horren aurrean, Puigdemontek babesa eskatu dio Roger Torrent Parlamenteko presidenteari, inbestidura saioan parte hartu ahal izateko.

Kataluniako Parlamentuko Mahaiaren bilera 10:00etan hasiko da. Puigdemontek Parlamentura ez agertzea eta inbestidura telematikoaren aldeko apustua egitea erabakitzen badu, azken erabakia Mahaiko lau kide independentisten (ERCko bi eta JxCateko beste bi) eta bereziki Roger Torrent Parlamentuko presidentearen esku geldituko da. Kasu horretan Torrentek erabaki beharko du Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenari entzungor egin eta plenoari eutsi edota plenoa bertan behera utzi edo atzeratu.

Puigdemont Parlamentuan egon gabe inbestidura saioa hasiko balitz, Ciutadans, PSC eta PP alderdiek osoko bilkura bertan behera gelditzeko eskatuko dute. Kasu horretan, Mahaiak eta Torrent presidenteak erabaki beharko dute plenoari eutsi ala ez.

Inbestidura saioa egingo balitz, Carles Puigdemont lehenengo bueltan izendatuko lukete presidente. Izan ere, independentistek gehiengoa dute Parlamentuan (70  versus 65). Hala ere, 70 ordezkari horietako lauren botoa ez dago bermatuta. Puigdemontekin batera Bruselan dagoen Toni Comin ERCko diputatuak uko egin dio bere botoa beste norbaiten esku uzteari, Puigdemontek ere ez du boto emango baldin eta Parlamentura joaten ez bada eta kartzelan dauden Oriol Junqueras eta Jordi Sanchezen botoa ere zalantzan dago. Azken bi horiek botoa beste norbaiten esku uztea eskatu dute, baina Mahaiari dagokio erabakia.

Kataluniako Asanblea Nazionalak bilkura deitu du 15:00etan, inbestidura saioa hasiko den ordu berean, Parlamentuaren atarian.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako albisteak Politika albisteak Espainiako Gobernua albisteak Alderdi politikoak berriak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Kataluniako hauteskundeak Pere Aragonès albisteak Auzitegi Konstituzionala Junts per Catalunya gaur