Politika -
KATALUNIA
Mendez de Vigo: 'Erakunde demokratikoei burla egitea saihestu nahi izan du Gobernuak'
Espainiako Gobernuko bozeramaileak azaldu duenez', erakunde demokratikoei burla egitea' saihestu nahi izan du haren Gobernuak. Halaber, barkamena eskatu du urriaren 1eko karga polizialengatik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iñigo Mendez de Vigo Espainiako Gobernuko bozeramaileak azaldu duenez, bihar Kataluniako Parlamentua egingo den inbestidura saioan "erakunde demokratikoei burla egitea" saihestu nahi izan du haren Gobernuak, eta Auzitegi Konstituzionalak hartu dituen kautelazko neurriek hori saihestuko dutela.
La Sexta telebista kateari eskainitako elkarrizketan esan du Carles Puigdemonten "betebeharra" dela agintari judizialen aurrean aurkeztea: "Zuzenbide Estatu batean bizi gara eta epaileek esaten dutena egin behar da".
Espainiako Gobernuak jarritako helegitearen harira Auzitegi Konstituzionalak erabakitzen duena erabakitzen duela ere, biharko inbestidura saioan erakunde demokratikoei burla egitea saihestuko dela nabarmendu du.
Hala eta guztiz ere, Puigdemont itzultzea eta bere auzia daraman Auzitegi Gorenak "hartu behar duen erabakia" hartzea espero du Mendez de Vigok.
Bestalde, adierazi du Katalunian indarrean jarraituko duela Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluak Kataluniako "legezko Gobernu bat egon arte, tranparik gabe".
Mendez de Vigok barkamena eskatu du urriaren 1eko karga polizialengatik
Iñigo Mendez de Vigok barkamena eskatu die 2017ko urriaren 1ean Katalunian izandako karga polizialetan "gaizki tratatuak sentitu" zirenei. "Gustatu ez zaizkidan irudiak ikusi ditut, denoi ekiditea gustatuko litzaizkigukeenak. Inor ez da eroso sentitzen egoera horietan", esan du. Gainera, Espainiako Polizia Nazionalak eta Guardia Zibilak "erabaki judizialak bete" zituztela nabarmendu du.