Politika -

Urte amaierako hitzaldia

Urkullu: 'Euskadi gure etxea da, abegikorra, irekia eta anitza'

2018rako bost erronka zehaztu ditu lehendakariak, hala nola, "hazkundea, kalitatezko enplegua, babes sozialaren sistema bermatzea, Giza Eskubideen kultura, eta autogobernuan sakontzea".

Iñigo Urkullu lehendakaria, Ajuria Enean. Argazkia: Eusko Jaurlaritza
Iñigo Urkullu lehendakaria, Ajuria Enean. Argazkia: Eusko Jaurlaritza
Iñigo Urkullu lehendakariaren urte bukaerako mezua, osorik

6:15

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gabon Zahar egunaren harira, ohiko hitzaldia eskaini du Iñigo Urkullu lehendakariak, eta aurtengoan 2017ko urteari errepasoa eginda abiatu du diskurtsoa. "Euskadi hazi egin da, eta enplegu aukera berriak sortu dira". 2018 urte berriari begira, "hazten jarraitu nahi dugu", azpimarratu du, bost mugarri abiapuntutzat hartuta, hala nola, "itxaropena, ekarpena, enplegua, elkartasuna, Euskadi". Itxaropenari dagokionez, Urkulluk esan du "gure barruan dagoen indarra" dela, eta "bultzada" emateko balio digula.

"Ilusio horretaz baliatuta", lehendakariak adierazi du "ekinaren ekinez lortzen" direla helburuak, eta euskal gizartearen eredua dela "irauntza", hau da, "lanean iraun, ez etsi". Aurrera egiteko prozesu honetan, Urkulluk azpimarratu du "guztion ekarpena" funtsezkoa dela, "auzolana", hain zuzen ere. "Elkarrekin lan egin behar dugu", gaineratu du, "eskuzabal, zuzen eta zintzo; guztion onuraren mesedetan".

Ekonomia arloan, lehendakariak azaldu duenez, 2018rako erronka moduan, Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna izango da enplegua, "enplegu gehiago eta kalitatezkoa", alegia. Gainera, gazteei aipamen berezia egin die, "egoera larrienean daudenak baitira".

Gizarte solidarioa

Bestalde, "euskal komunitatea"ren gainean ere mintzatu da Eusko Jaurlaritzaren buruzagia, esanez gizarte solidarioa garela. "Besteen sufrimenduak denoi eragiten digu, eta elkartasunaren aldeko aukera egin dugu", adierazi du. Horrekin lotuta, "hainbat eta hainbat boluntarioen elkartasun lana" goratu du lehendakariak. "Hori da gure gizarte-kultura, hamarkada luzeetan eraikia", ondorioztatu du. Herri-elkartasuna gorabehera, Eusko Jaurlaritzak gizarte-babeserako sistema bermatzen jarraituko duela berretsi du.

Alor politikoan, akordioen eta itunen alde egin du Urkulluk. "Gure autogobernua defendatu, gaurkotu eta horretan sakondu beharko dugu", iragarri du.

Euskal herritarrei urteberri ona opa aurretik, lehendakariak Euskadi "gure etxe"tzat jo du, "etxe abegikorra, irekia, anitza, duintasunez bizitzeko aukera eskaintzen duena". Orduan, emakumeenganako indarkeriaren aurkako mezua helarazi du, genero-indarkeria "errotik ezabatzeko" itxaropenaz.

Gabon Zaharreko diskurtsoa eskaini du Urkulluk Ajuria Enea jauregiko harmailadiaren aldamenean, zutik, eta horren emisioa emititu du eitb.eus webguneak, ETB1eko Gaur Egun saioak 14:00etan, eta ETB2ko Teleberriak 15:00etan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Espainia Berriak Politika EAJ-PNV Indarkeria matxista gaur Iñigo Urkullu Lehendakaria Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra bideoak Alderdi politikoak bideoak Gabonak albisteak Ekonomia berriak Gaurko azken orduko albistea