Politika -
Kataluniako hauteskundeak
EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosek uste dute 155. artikuluak porrot egin duela
Arnaldo Otegik esan du Kataluniako herritarrek "enegarrenez garaitu" dutela "78ko erregimena". EAJk eta Elkarrekin Podemosek elkarrizketaren beharra azpimarratu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Koldo Mediavilla EAJren Politika Instituzionaleko arduradunak adierazi du Espainiako Gobernuaren jarrera itxiak eta Kataluniako agintarien aldebakarreko bideak “porrot” egin dutela.
“Elkarrizketa ukatzea eta salbuespeneko politika egitea edo babes sozial nahikorik gabeko aldebakarreko bidea abian jartzea porrot egin duten formula dira; formula berriak behar dira, eta aukera berri horiek bilatzea eta elkarrizktearen bidez adostea Kataluniako alderdiei dagokie, ataka honetatik aterako badira”, azaldu du.
Hauteskunde hauetan izandako parte-hartzea (ia % 82koa) gainditzea “oso zaila” zaila izango dela iritzi dio. “Berdinketa infinitu bat eman dela esan daiteke. 2,2 milioi katalanek alderdi konstituzionalisten alde egin dute eta bi milioi baino gehiagok alderdi independentisten alde; eta gehiengoak, 2,4 milioik, bere etorkizuna erabaki nahi du”, gaineratu du.
“Horixe da argazkia. Kataluniako klase politikoak eta, batez ere, Espainiakoak konponbidea bilatu behar dute, Kataluniako gizarteak behar bezalako marko juridiko eta politikoa izan dezan, eta horretarako jarrera eta proposamen politikoa berriak behar dira”, azpimarratu du.
EH Bildu
Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiak Euskal Herrian bide soberanista abian jartzea aldarrikatu du, Kataluniarekin batera, “Estatuak duen egiturazko arazo larria” agerian uzteko.
Otegik Kataluniako herria zoriondu du, “beste behin ere 78ko erregimena garaitu duelako”. Alabaina, EstatuaK hauteskundeetako emaitzak errespetatuko ez dituela ziur agertu da, “gustatu ez zaizkiolako”. Eta, beraz, Estatuak “errepresioari” eutsiko diola ohartarazi du.
“(Alderdi Popularreko) jaun-andreek, botoen % 4arekin, mehatxu egitera atera dira bart: kontuz egiten duzuenarekin, 155 gogorragoa ezarriko dugu eta. Gaur bertan Auzitegi Gorenak jende gehiago auzipetu du. Horretan ari dira”, salatu du.
Elkarrekin Podemos
Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak esan du Kataluniako bi bloke handiek “elkarrizketarako eta bizikidetzarako” dei gisa ulertu beharko lituzketela hauteskundeetako emaitzak, “ezin baitute aurrez aurre jarraitu”.
Hauteskundeak salbuespen egoera batean egin direla gogoratu, “155a ezarrita, aldebakarreko independentzia aldarrikapen baten ondotik eta agintari politikoak espetxean edo erbestean daudela”.
Martinezek aitortu du emaitzak ez zaizkiola gustatu, baina zilegitasun guztia dutela. “Argi geratu da 155ak nahiz aldebakarreko independentzia aldarrikapenak ez dutela panorama politikoa aldatzea lortu. Parlamentuan independentistek dute gehiengoa eta bi blokeak, gutxi gorabehera, berdin geratu dira. Erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengo handi bat ere badago”, azaldu du.
En Comu-Podem hautagaitzaren emaitzak onak izan ez direla onartu du, eta Kataluniak bizi duen “egoera polarizatuari” egotzi dio errua.
PSE-EE
Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak uste du alderdi ezberdinen arteko akordioen bidez batzen dela gizartea, baina aitortu du Katalunian ez dagoela aukera handirik Gobernu transbertsal bat osatzeko.
“Ezberdinen arteko akordioen bidez batzen da gizartea eta horixe egin beharko lukete Katalunian, elkar ulertzeko bide bat bilatu, hain zuzen ere”, adierazi du. Ildo horretan, “euskal bidea” (EAJ-PSE-EE gobernua) jarri du adibidetzat.
Nolanahi ere, horretarako aukera oso gutxi dagoela erantsi du, “egoera oso polarizatuta dagoelako”. “Tentsio hori baretzeko denbora beharko dutela iruditzen zait”, gaineratu du.