Politika -
Manifestazioa Bruselan
45.000 pertsona Bruselan, Europari auzian esku hartzeko eskatuz
'Wake up Europe' lelopean ANC eta Omnium elkarteek deituta, auzo europarreko kaleak zeharkatu dituzte, besteak beste, Puigdemont eta Marta Rovira bertan direla.
Agentziak | Erredakzioa
Milaka pertsona bildu dira gaur Bruselan ANC eta Omnium Cultural elkarte subiranistek deitutako manifestazioan parte hartzeko. Europako bihotzera aldarri argia eraman nahi izan dute bi elkarteek: Kataluniako auzia Europari ere badagokio, eta hala, esku hartzeko eskatu nahi diote.
"Wake up Europe. Democracy for Catalonia" (Esna zaitez, Europa. Demokrazia Kataluniarentzat) leloa jarri diote martxari, eta auzo europarreko kaleak zeharkatu ditu, ia hiru orduz. Antolatzaileek 20.000 manifestari espero zituzten, baina Bruselako Poliziaren arabera, 45.000 pertsona bildu dira.
Manifestazioa Cinquantenaire parketik, auzo europarreko bihotzetik, abiatu da aurreikusitako ordua baino minutu batzuk geroago (11:30ean hastekoa bazen ere, 11:55 aldera ekin diote), eta auzo horretako kaleak zeharkatu ditu 14:00ak arte. Hala, Europar Batasuneko erakunde nagusien egoitzen aurretik (Europako Batzordea, Kontseilua eta Parlamentua) igaro dira manifestariak, baina ez dute horien aurrean elkarretaratzerik egingo.
Jai eta aldarrikapen giroa izan da nagusi. Manifestariak 09:30ean hasi dira Cinquantenaire parkera heltzen, senyerak, esteladak, Europako banderak eta zapi eta lepoko horiak soinean. Kolore horia auziagatik kartzelan diren buruzagien aldeko elkartasun sinbolo bilakatu da.
Cinquantenaire parkea, jendez lepo. Argazkia: EFE
Mugikortasun arazoak Bruselako sarbideetan
Bruselako Poliziak segurtasun neurri ugari jarri ditu martxan, eta mugikortasun arazoak egon dira. Izan ere, Kataluniatik joandako autobus ugari ez dira hitzordura garaiz heldu, Bruselako sarbideetan sortu diren ilarak luzeak tarteko.
ANCk eta Omniumek sei hegaldi eta 200 autobusetik gora jarri dituzte Kataluniako herritarrek Belgikako hiriburura joateko modua izan zezaten.
Herritarrek ez ezik, politikariek ere jaso dute manifestazioan parte hartzeko gonbita. Hala, herrialde eta alderdi askotako eurodiputatuak eta Kataluniaren independentziaren aldeko alderdietako kideak deitu dituzte.
40 metro luze dituen estelada bat eraman dute Bruselara. Argazki: EFE
Buruzagi politiko katalan ugari bildu dira manifestaziora
Carles Puigdemont presidente eta Junts per Catalunya alderdiko zerrendaburua eta Marta Rovira ERCko hautagaia daude manifestazioan eta amaieran hitza hartu dute biek.
Puigdemontek manifestazioaren amaieran esan du "Katalunia Europaren aurpegi onena" dela. Jean-Claude Juncker Europako Batzordearen presidenteari zuzendu zaio, "ohar dadin Europak paper bat joka dezakeela" Kataluniako krisian.
Kataluniako presidenteak esan dio "bere bulego azpian protesta egiten ari direnak" ez direla "gaizkileak, demokratak baizik", eta buruzagi europarrari galdetu dio ea sekula ikusi duen Bruselan "horrelako manifestaziorik gaizkileen alde".
"Herritar libreek osatutako Europa nahi dugu, herritarrei entzuten diena, Estatuei entzuteaz gain", adierazi du Puigdemontek, Europar Batasunari Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea "babestea" leporatu aurretik.
Presidente kataluniarraren aurretik Marta Rovira ERCren bigarrenak hitz egin du, eta esan du "beharrezkoa" dela hauteskundeak irabaztea: "Badakigu irabaz dezakegula, irabazi egingo dugu, agindu demokratikoa jasoko dugu errepublika eraikitzen jarraitzeko, eta bereziki, demokrazia berreskuratzeko".
Gabriel Rufian ERCko diputatua eta Artur Mas Kataluniako presidente ohia ere Bruselan izan dira.
Manifestazioaren nondik norakoak azaltzeko prentsaurrekoan Agustin Alcoberro eta Marce Mauri ANC eta Omnium elkarteetako presidenteordeek nabarmendu zutenez, "Katalunian demokrazia defendatzeko eta babesteko" eskatuko diote Europari.
"Gu europarrak gara eta hala izaten jarraitu nahi dugu. Europar Batasunaren proiektu komunean parte hartu nahi dugu", erantsi zuen Alcoberrok.
ANCko presidenteordeak iragarri zuenez, Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidentearekin bilera eskatu dute. EBko iturrien esanetan, ordea, atzora arte behintzat ez zuten eskaera horren berri, eta, bestela ere, presidentea "oso lanpetuta" dagoela zehaztu zuten.