Politika -
Pedro Arrupe txostena
Jaurlaritza: 'Dispertsioa ez da gizarteratze helburuarekin bateragarria'
Gobernuak eskatuta, espetxe politikaren ondorioez txostena egin du Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuak, eta "zigorren indibidualizaziora" itzultzea gomendatu du.
EITB.EUS
Euskal presoei ezartzen zaien urruntze politika "ez da bateragarria espetxe legeriaren printzipio gidariekin, alegia, berreziketarekin eta gizarteratzearekin". Horixe ondorioztatu du Deustuko Unibertsitateko Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuak sakabanaketari buruz egindako txostenak. Ikerketa Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetza Idazkaritza Nagusiak eskatuta egin du Institutuak, eta ostiral honetan aurkeztu dituzte ondorio nagusiak.
"Urruntzearen espetxe politikak presoen familietan duen inpaktuari buruzko txostena" izenburua jarri diote ikerketari. Bertan, senideren bat preso duen 14 pertsona elkarrizketatu dituzte, eta horien "bizipenen analisi kuantitatibo eta kualitatiboa" jaso dute.
Jonan Fernandez Bizikidetza eta Giza Eskubideetako idazkari nagusia, Monika Hernando Biktima eta Giza Eskubideen zuzendaria eta Jose Ramon Intxaurbe eta Gorka Urrutia Institutuko kideak izan dira aurkezpenean.
Aurkezpenean "itxaropentsu" agertu da, hain justu, Fernandez, uste baitu sakabanaketa laster bukatuko dela. "Urruntze politika aldatzeak ez du kosturik eta onurak ditu, batez ere familientzat", nabarmendu du.
Giza Eskubideen idazkariak azpimarratu du Jaurlaritzak bat egiten duela Pedro Arrupe Institutuaren gomendioekin, eta burutu daitezen, txostena espetxe politikako agente guztiei bidaliko diete.
200 bat preso, etxetik 1.200 kilometrora
Txostenak agerian utzi duenez, "322 pertsona ari ziren guztira kondena Estatu espainiarreko eta frantseseko espetxeetan betetzen, horietatik 200 inguru beren ohiko bizilekutik 1.200 km baino urrutiago".
Jose Ramon Intxaurbe txostenaren egileetako batek azpimarratu duenez, lehen aldia da sakabanaketa politika presoen senitartekoen ikuspegitik lantzen dena. Hori horrela, sakondu egin da urruntzearen ondorioetan: ibilbideko arazoak, trafiko istripuak, kostu ekonomikoa edota erantsitako zailtasunak gaixotasun bat dagoenean.
Intxaurberen esanetan, familiak "esfortzu eta sakrifizio handiarekin" egiten diete bisita presoei, "baina justiziak ez ditu zigortu, eta ez dago bisita horiek egiteko eskubidea debekatzen dien arau juridikorik".
Analisi hori eginda, txostenak, besteak beste, ondorio hauek jasotzen ditu: "urruntze-politika familien sufrimendu erantsiaren kausa da" eta "ez da bateragarria espetxe legeriaren printzipio gidariekin (berreziketarekin eta gizarteratzearekin)". Hori horrela, "urruntze-politika orokortua uztea eta zigorren tratamendu indibidualizatu batera itzultzea" gomendatu dute Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuko adituek.