Politika -

KUPOA

Kupoaren eta Kontzertu Ekonomikoaren legeak onartu ditu Diputatuen Kongresuak

Iragarri bezala, Ciudadanos eta Compromis taldeetako diputatuek bi legeen kontra bozkatu dute; EH Bilduk Kontzertu Ekonomikoaren legea babestu du, baina Kupoaren legearen bozketan abstenitu egin da.

Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroa, gaur, Diputatuen Kongresuan. EFE
Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroa, gaur, Diputatuen Kongresuan.
Kupoaren eta Kontzertu Ekonomikoaren legeak onartu ditu Kongresuak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Diputatuen Kongresuko osoko bilkurak bost urteetarako (2017-2021) Kupoaren legea —1.300 milioi euro— eta Kontzertu Ekonomikoaren legea onartu zituen atzo, ostegunar. Bozketan, Kontzertu Ekonomikoaren legeak baiezko 294 boto eta kontrako 36 (Ciudadanos eta Compromis) jaso zituen; Kupoarenak, ostera, baiezko 292 boto, kontrako 36 (Ciudadanos eta Compromis) eta bi abstentzio (EH Bildu). Ciudadanos, Compromis eta EH Bilduk aurrez beren jarrera azaldu zuten eta, beraz, ez zen sorpresarik izan.

Ciudadanosek bi osoko zuzenketa aurkeztu bazituen ere, biak atzera bota zituen Kongresuak.

Kongresuko eztabaidan, Cristobal Montoro Ogasun ministroak Kupoa defendatu eta ukatu egin zuen "pribilegio" bat eta "bidegabekeria" bat denik. Horrez gain, ukatu egin zuen Estatuko Aurrekontu orokorrak onartzearen truke EAJrekin hitzartutako akordio politikoa denik. Halaber, alderdi politiko guztiei dei egin zien, bereziki PSOEri, erregimen orokorreko autonomia erkidegoen —EAE eta Nafarroa salbu— finantzazio eredu berria negoziatzeko. Eztabaidan parte hartu duten talde politikoetako bozeramaile gehienek ere bat egin zuten eskaera horrekin.

Montoro: 'Kupoa ez da pribilegio bat'

Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroak Kontzertu Ekonomikoa eta Kupoa defendatu zituen gaur goizean Diputatuen Kongresuan. Horren esanetan, Kupoa ez da ez pribilegio bat ezta "trukerako txanpona" ere, Euskal Autonomia Erkidegoari eta Estatu osoari mesede egiten dion "berezitasun" bat baizik. Halaber, 2018ko lehen hilabeteetan erregimen orokorreko autonomia erkidegoen finantzazio sistema aldatzeko konpromisoa hartu zuen.

Kongresuaren aurrean egindako hitzaldian, Kupoa nola kalkulatzen den azaldu zuen Montoro ministroak. Horren arabera, Estatuak Euskal Autonomia Erkidegoari transferitu ez dizkion eskuduntzengatik ordaintzen duen dirutza konpentsatzeko Euskadik urtero-urtero ordaintzen duen kopurua da. Gaur onartu diren legeen arabera, Kupoa 1.300 milioi eurokoa izango da urtero datozen bost urteotan, eta inputazio maila % 6,24koa (EAEk Estatuko ekonomian duen pisuaren arabera kalkulatzen da). Hortik ateratzen den kopuruari (11.000 milioi euro) zergetatik jaso ez diren diru-sarrerak, kontzertatu gabe dauden zergen bidez lortutako diru-sarrerak eta defizit publikoa kentzen zaio, betiere % 6,24 aplikatuta. "Behin doikuntza eta konpentsazio horiek egindakoan, ordaindu beharreko Kupoa zehazten da: 1.300 milioi euro", laburbildu zuen ministroak.

"Legearekiko leialtasuna eta errespetua dagoenean, edozein akordio lortu daiteke. Akordio horrek Euskal Autonomia Erkidegoari eta Espainiari egiten die mesede, bere eduki ekonomikoarengatik eta Estatuaren egonkortasunari laguntzen diolako", gaineratu zuen.

Desadostasunak talde politikoen artean Kupoa eta Kontzertu Ekonomikoa direla-eta

Diputatuen Kongresuko eztabaidan, talde politikoen arteko desadostasunak agerian gelditu ziren. Hala ere, gehiengoa bi lege horien alde agertu zen. Halaber, talde horietako asko Ciudadanosen kontra mintzatu ziren.

Albert Rivera Ciudadanoseko buruak Kontzertu Ekonomikoa eta Kupoa gaitzetsi zituen, eta "kuponazo" eta "iruzur politiko" gisa jo zituen. Ciudadanosek aurkeztutako bi osoko zuzenketen zergatia azaldu nahi izan zuen Ciudadanoseko presidenteak. Haren esanetan, ez zituen Kontzertua eta foralitatea ezbaian jartzen; aitzitik, Kupoa nola kalkulatzen den, nola kudeatzen den eta zenbatekoa kalkulatzeko akordioak nola egiten diren jarri zuen zalantzan. "Eta hori da arazoa, ez Kontzertua, Kuponazoa baizik. Ez dio kalkulu tekniko bati erantzuten, iruzur politikoa da", gaineratu zuen.

PPren izenean, Javier Maroto diputatuak hitz egin zuen eta Ciudadanos kritikatzeko baliatu zuen bere hitzaldi ia osoa. "Diskurtsoak eguzkiari begira egiteak —egun bakoitzean gehien non berotzen duen behatuz— izen bat du: oportunismoa", esan zuen.

Pedro Saura PSOEko diputatuak talde sozialistaren aldeko botoa azaldu zuen. Hala ere, autonomia erkidegoen artean "diskriminazioa" dagoela erantzun zion Montoro ministroari. Haren esanetan, diskriminazioa ez du Kupoak eragiten, autonomia erkidego askoren finantzazio faltak baizik. Hori dela eta, erregimen orokorreko autonomia erkidegoen finantzazio sistema aldatzea eskatu zuen.

Unidos Podemosen aldetik Nagua Albak hartu zuen hitza eta bere taldearen aldeko botoa azaldu zuen. Haren hitzetan, Kontzertu Ekonomikoaren eta Kupoaren alde daude ez eskubide "historikoak" direlako, herritarrek beren burua gobernatzeko eskubidea dutelako baizik. Gainera, Ciudadanosen jarrera gaitzetsi zuen. Albak autonomia erkidegoen finantzazioa aldatzea defendatu zuen, aldebiko negoziazioa baliatuta.

Idoia Sagastizabal diputatu jeltzaleak defendatu zuenez, bi lege horiek "segurtasun juridikoa" ematen du eta ez da pribilegio bat. "Kupoaren ordainketa derrigorrezkoa da, Euskadiren egoera ekonomikoa edozein delarik ere eta horrek zuhurtziaz gastatzera behartzen gaitu".

Ferran Bel PDeCATeko diputatuak bere taldearen aldeko botoa azaldu zuen. Horrez gain, Albert Riverari zuzendu zitzaion eta aniztasun linguistikoa, kulturala eta ekonomikoa ez onartzea leporatu zion.

Compromis taldeak bere ezezko botoari eutsi zion eta gainerako autonomia erkidegoentzako finantzazio hobea eskatu zuen, "inolako pribilegiorik gabe". Ciudadanosen jarrera ere kritikatu zuen. "Espainiako politikak Madril-Euskadi-Katalunia ardatzari jarraitzen dio. Kokoteraino gaude", azpimarratu zuen.

Maria Betialarrangotia EH Bilduko diputatuak defendatu zuenez, Kontzertu Ekonomikoa euskal eskubide historikoen "kondarrak dira". Beraz, haren iritziz, ez da pribilegio bat, alderantziz: "Monarkia, armada eta euskal herritarrentzat lehentasunezkoak ez diren gaiak ordaintzeko dirua jartzen dugu".

UPNko Iñigo Alli Nafarroako Foru Erregimena aldarrikatu zuen eta Kupoaren aldeko botoa iragarri zuen. "Inork ezin ditu berezitasun hauek zalantzan jarri", esan zuen.

Martinez Oblanca diputatuak (Foro) Ciudadanosen jarrera gaitzetsi zuen, bere esanetan, Katalunia moduko beste lurralde batzuek jasotzen dituzten hobarien kontra egiten ez duelako.

Azkenik, Coalicion Canariako Ana Oramas diputatuak ere Rivera izan zuen jomugan, eta egia ez esatea, Konstituzioa "manipulatzea" eta populismoa egitea leporatu zion.

Finantzazio sistemaren erreforma

Montoro ministroak azpimarratu zuenez, datorren urtearen hasieran egin nahi du erregimen orokorreko autonomia erkidegoen finantzazio sistemaren erreforma, eta PSOEri babesa eskatu zion. Autonomia erkidegoen finantzazio sistema lehenago ez aldatzearen arrazoia krisi ekonomikoa izan dela esan zuen, eta sistema berriaren helburuak 2018ko Aurrekontuetan jaso beharko liratekeela azaldu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua albisteak Politika albisteak Kontzertu Ekonomikoa Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Ekonomia Gaurko azken orduko albistea