Politika -
Sare
Presoen seme-alabei 'haurtzaroaren zati bat lapurtzen diete', txosten baten arabera
Gainera, “protagonistak” izan behar ziren umezaroko zati bat “galdu” dute adingabe horiek, barnean “heldu goiztiar” bat garatu behar izan dutelako.
Agentziak | Erredakzioa
Gurasoetako bat edo biak espetxean dituzten adingabeei “haurtzaroko zati garrantzitsu bat lapurtzen diete”, 'Motxiladun umeak' izeneko txostenaren arabera. Psikologo talde batek egin du ikerketa Sarerentzat. Lana gaur aurkeztu dute, Donostian.
Iñaki Barrutia egileetako batek txostenaren ondorio nagusiak azaldu ditu prentsaurrekoan, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Filosofia Fakultatean. Inaxio Oiartzabal Sareko bozeramaileak eta Jose Mari Agirretxe (Porrotx) Katxiporreta konpainiako kideak agerraldian parte hartu dute.
Bestalde, Ekai Prieto eta Olatz Iglesias gazteek hitza hartu dute, gurasoen kartzelaldiarekin zerikusia duten bizipenen berri emateko.
Agerraldian, txostena egiteko hiru lantalde osatu zituztela azaldu du Iñaki Barrutiak, horietako bi guraso presoekin, eta hirugarren bat nerabeekin. Ondoren, galdetegi bat egin eta 113 adingabeen erantzuna jaso zuten.
Sakabanaketa
Presoen seme-alabek “haurtzaroko zati garrantzitsu bat galtzen dute”, ehunka kilometro egin behar baitituzte gurasoak espetxean bisitatzeko. Horrela, aita-amak bisitatu edo gainerako lagun eta ikaskideekin jardueratan parte hartzearen artean aukeratu behar dute astebururo.
Gainera, “protagonistak” izan behar ziren umezaroko zati bat “galdu” dute adingabe horiek, barnean “heldu goiztiar” bat garatu behar izan dutelako, kartzelako “etsai-giroari” aurre egiteko edo bisita ondoren etxera bueltatzeko.
Bestalde, adingabe hauei laguntzeko Motxilak gora abestiaren bideoklipa aurkeztu du Jose Mari Agirretxek.