Politika -

MEMORIA ETA BIZIKIDETZA

GALi buruz 'egia esateko' eskatu dio Garcia Goenaren alabak PSOEri

Maider Garcia Martinek agerraldia egin du Eusko Legebiltzarreko Memoria eta Bizikidetza lantaldean. Era berean, Humberto Fouzen ilobak eta Joxe Mari Korta zenaren semeak hitza hartu dute.

Maider Garcia Martin, Juan Carlos Garcia Goena kontzientzia eragozlearen alaba. Argazkia: EiTB
Maider Garcia Martin, Juan Carlos Garcia Goena kontzientzia eragozlearen alaba. Argazkia: EiTB
Memoriaren eta Bizikidetzaren lantaldeak diskrezioz jarraituko du lanean

1:19

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Estatuaren ‘gerra zikinari’ buruz “egia esateko” eta “publikoki aitorpen” bat egiteko eskatu dio Maider Garcia Martinek, Juan Carlos Garcia Goena kontzientzia eragozlearen alabak, PSOEri.

GALek Garcia Goena 1987ko uztailaren 24an hil zuen Hendaian (Lapurdi), atentatu batean. Alabak agerraldia egin du Eusko Legebiltzarreko Memoria eta Bizikidetza lantaldean. Era berean, Coral Rodriguez Fouz (Humberto Fouzen iloba) eta Andoitz Korta Zearreta (Joxe Mari Korta zenaren semea) ETAko terrorismoaren biktimek agerraldia egin dute gaur.

Gainerako alderdiek PSOEri ‘gerra zikinarekin’ gertatutakoaren inguruan “aitorpen publiko bat egitea” eskatu beharko lioketela uste du Maider Garcia Martinek. Horregatik, Ganberara eskaera hori egiteko asmoarekin joan dela azaldu du komunikabideen aurrean.

Garcia Martinen hitzetan, PSOEk GALen inguruko “egia kontatu” behar du. Felipe Gonzalezen gobernuetako goi-kargudun sozialista ohi batzuk zigortu zituzten talde terroristaren ekintzengatik.

PSOEren aitorpenik gabe, Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza Planak “oinarri sendorik ez” duela azpimarratu du Garcia Goenaren alabak.

Desagertuak bilatzeko batzorde bat osatzea eskatu du Humberto Fouzen ilobak

Bestalde, Coral Rodriguez Fouzek, Humberto Fouzen ilobak, bere lekukotasuna eman du gaur goizean Eusko Legebiltzarreko Memoria eta Bizikidetza lantaldean, eta batzorde independente bat osatzea eskatu du desagertuta dauden biktimen gorpuak bilatzeko. 1973ko martxoaren 24an galdu zen Humberto Fouz eta beste bi gazte galiziarren arrastoa Iparralden, eta geroztik ez dute horien berririk izan. Familiek beti uste izan dute ETAk hil zituela, baina gorpuak ez dira inoiz agertu.

Lantaldean bere lekukotasuna eman ondoren kazetarien aurrean Coral Rodriguezen adierazi duenez, ETAk argitu egin behar du oraindik agertu ez diren biktimen gorpuak non dauden. Horrez gain, behin betiko desegitea eskatu dio ETAri.

Halaber, batzorde independente bat osatzea eskatu die Humberto Fouzen ilobak alderdi politikoei, oraindik desagertuta dauden pertsonen gorpuzkiak bilatzeko.

Humberto Fouz, Fernando Quiroga eta Jorge García gazte galiziarrak Iparraldera joan ziren pelikula bat ikustera 1973ko martxoaren 24an, eta geroztik ez da haien berririk izan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Iparraldea berriak Eusko Legebiltzarra EAE Eguneko albisteak Albisteak Terrorismoaren Biktimak GAL gaur