Politika -
Eusko Legebiltzarra
Epai frankistak baliogabetzeko proposamena atzera bota dute EAJk eta PPk
Euskadin, 1936tik 1978ra aurrera eraman zituzten prozedura judizialak eta epaiketa militarrak legez kanpokotzat jotzea eskatzen zuen Elkarrekin Podemosek.
Agentziak | Erredakzioa
Frankismoko Biktimen Ordain Juridikorako Lege-proposamena atzera bota du gaur Eusko Legebiltzarrak. Euskadin, 1936tik 1978ra aurrera eraman zituzten prozedura judizialak eta epaiketa militarrak legez kanpokotzat jotzea eskatzen zuen Elkarrekin Podemosek ekimenean.
EAJ eta PP lege-proposamenaren aurka agertu dira; Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk babestu dute eta PSE-EE abstenitu da.
Eusko Jaurlaritza legearen tramitearen aurka azaldu da, Euskadik legeztatzeko eskumenik ez duela iritzita, nahiz eta Katalunian antzeko araudi bat indarrean egon, Parlamentaren talde guztien babesarekin.
PSE-EEren abstentzioari “garrantzia kendu” diote Eusko Jaurlaritzako iturriek. Koalizioan arazorik sortuko ez duela gaineratu dute. Kontrako irizpide hori Gobernu Kontseiluan “eztabaidarik gabe eta naturaltasunez” onartu zutela jakitera eman dute.
Iñaki Agirrek boto-diziplina hautsi du
Bestalde, Iñaki Agirre EAJko legebiltzarkideak alderdi-diziplina hautsi du eta PSE-EErekin batera abstenitu da. Jarreraren arrazoiak publikoki azaltzea saihestu du Agirrek. Azalpenak “eman beharreko tokian” emango dituela esan du.
Diktadura frankistak martxan jarritako VI. Eskualde Militarreko Auditoriaren auzitegiak legez kanpokotzat jotzea eskatzen zuen proposamenak.
Ondorioz, auzi politikoengatik aurrera eraman zituzten epaiketa militarren sententziak eta ebazpenak baliogabetzea nahi zuen lege-proposamenak.