Politika -
Kataluniako erreferenduma
Lanuztea Katalunian, polizia indarkeria salatzeko
Gizarte zibilak Katalunia geldiarazi nahi du, oinarrizko eskubideen alde eta Guardia Zibilaren eta Espainiako Polizia Nazionalaren errepresioaren kontra.
Agentziak | Erredakzioa
Demokraziaren Aldeko Mahaiak lanuztea deitu du astearte honetarako Katalunian, urriaren 1eko erreferenduma galarazteko Guardia Zibilak eta Espainiako Polizia Nazionalak herritarren kontra erabili zuten indarkeria salatzeko.
Kataluniako Gobernuak emandako datuen arabera, 893 pertsona zauritu ziren Espainiako segurtasun indarren oldarraldi bortitzen ondorioz.
Demokraziaren Aldeko Mahaiak gizarte zibilaren eragile ugari biltzen ditu, hala nola, sindikatuak, elkarteak eta bestelako taldeak.
"Atera gaitezen kalera eta eman dezagun erantzun baketsua, irmoa eta demokratikoa. Ez dugu eraso gehiagorik onartuko. Indar polizialak berehala alde egitea eskatzen dugu", dio Demokraziaren Aldeko Mahaiak deialdiaren berri emateko zabaldutako oharrak.
Deialdiak atxikimendu ugari jaso ditu; alderdi politikoena, sindikatuena, kirol taldeena, gizarte eragileena, unibertsitateena, ikastetxeetan eta kulturgileena, tartean.
ERC eta PDeCAT alderdietako bozeramaileak ez dira Espainiako Kongresuko Bozeramaileen Batzordean izango. Hain zuzen ere, bilera horretan erabakiko dute Mariano Rajoyk Kataluniako egoerari buruzko azalpenak emateko egingo duen agerraldia noiz izango den.
En Comú Podem taldeko ordezkariek ere egingo dute bat lanuztearekin, eta, beraz, ez dira Kongresuan eta Senatuan egongo.
CUPek ere bat egin du deialdiarekin, eta grebara jotzeko eskatu die herritarrei.
Kataluniako Alderdi Sozialistak (PSC) ez du protesta babestu, baina askatasuna eman die bere kargudun eta afiliatuei lanuztea egin edo ez erabakitzeko.
Kataluniako CCOO eta UGT sindikatuek, bestalde, ez dute deialdiarekin bat egin, baina urriaren 1ean segurtasun indarrek egin zituzten gehiegikeriak salatzeko astearte honetan izango diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute.
Medikuen sindikatu nagusiak iragarri du poliziaren indarkeria gaitzesteko antolatu den lanuztearekin bat egingo duela.
Bartzelona, Espanyol, Girona eta Nastic futbol taldeek ere, bat egin dute protestarekin.
Ohar baten bidez, Bartzelonak jakinarazi du kluba itxita egongo dela, eta Joan Gamper Kirol Hirian ez dela entrenamendu saiorik izango.
Kataluniako unibertsitateek ere, lanuztea egingo dute. Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, adibidez, ez da klaserik izango.
Generalitateko Hezkuntza Kontseilaritzak lanuzteak egiteko askatasuna eman die Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako irakasleei.
Bartzelonako Portuko zamaketariek batzarra egin dute arratsaldean, eta protestarekin egitea erabaki dute, “Kataluniako eskubide zibilen defentsan”.