Politika -
KATALUNIAKO ERREFERENDUMA
Urkullu: "Amildegira gerturatzen jarraitu aurretik dei bat egin nahi dut"
Sare sozialen bidez zabaldu du bere iritzia lehendakariak, baita Andoni Ortuzar EAJko presidenteak, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak eta Nagua Alba Podemos Euskadiko idazkariak ere.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Katalunian gertatzen ari denaren inguruko iritzia kaleratu du Facebooken duen profilean. "Erabat penatzen gaituzte gaur Katalunian ikusten ari garen gertaerek", esan du, hainbat lagun zauritu dituztela ikusita, eta "amildegira gerturatzen jarraitu aurretik dei bat egin nahi dut", gaineratu du, "elkarrizketa baita konponbide politikoak bilatzeko tresna bakarra". Hemen testu osoa:
"Nahiz eta egoera hau gerta zitekeela pentsatu, esan eta salatu, erabat penatzen gaituzte gaur Katalunian ikusten ari garen gertaerek, gizartearen haustura arriskuak areagotzen dituzten ekimenek bereziki.
Amildegira gerturatzen jarraitu aurretik dei bat egin nahi dut, gaurko egunean egoera hausturagileak ekiditeko. Horrela bakarrik lortuko da, bihartik aurrera, ezinbestekoa den elkarrizketaren bidea jorratzea. Behin eta berriro esan behar dugu akordiorako benetako borondatea duen elkarrizketa dela konponbide politikoak bilatzeko tresna bakarra.
Espainiako presidenteari ere duela hamar egun igorri nion mezua berretsi nahi dut gaurkoan: hau ezin da horrela izan eta ezin du horrela izaten jarraitu".
Kanada-Quebec edo Erresuma Batua-Eskozia eredu baliagarriak izan daitezke irtenbide politiko bat eskaintzeko, betiere lege babesa duen itundutako erreferendum bat antolatzeko. Eredu hauek eskaintzen dute, elkarrizketaren bidez, gure gizarteak egun eskatzen eta merezi duen irtenbide politikoa".
Elkarrizketa Rajoyrekin
Bestalde, Katalunian egindakoarekin EAJ "ados ez" badago ere, Mariano Rajoyren Gobernuarekin "elkarrizketarako bideei" eutsiko diela esan du, "Kataluniako eta Euskal Herriko arazoari irtenbidea bilatzeko asmoz".
EAJren iritzian, "oso larria da Rajoy errealitatetik kanpo bizi izatea, ez baitu onartzen Poliziaren jokaera erabat neurririk gabekoa izan denik".
Euskal alderdien erreakzioak
Andoni Ortuzar EAJko presidenteak Estatuaren eta Poliziaren gaurko ekintzei erreferentzia egin die, eta Kataluniako erreferenduma oztopatzeko egiten ari direnarekin, "ekidinezina ekidin nahi dute", esan du. Twitter bidez zabaldutako mezu batean esan duenez, Kataluniako gizarteak "bozkatu nahi duela erakutsi du", eta "hautetsontziak jartzea da irtenbidea, ez kentzea".
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak ere Twitter erabili du "etorkizuna kataluniarrena" dela esateko: "Inork eta ezerk ezin du geratu modu libre eta demokratikoan erabaki nahi duen herri bat". "Historia gurea da eta herriek egiten dute. Eskerrik asko, Katalunia", gaineratu du.
Nagua Alba Euskadiko Podemoseko idazkaria oso kritiko agertu da Espainiako Gobernuko presidentearekin: "Onartezina da herritarren borondate demokratikoa zapaltzea, eta, gainera, indarkeriarekin. Mariano Rajoy, lotsa eman beharko lizuke". Twitterren egin ditu adierazpen horiek, eta babesa eman die Lander Martinez bere kidearen hitzei, Rajoyren dimisioa eskatzeko.
Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak esan du argi geratu dela "lubakien politikak porrot" egin duela Katalunian, eta sozialistak, "Rajoy eta Generalitatea ez bezala", prest daudela "ezberdinekin eta etsaiekin" akordioak egiteko. "Sozialistak ez gara bandera batekin gauza lotsagarriak ezkutatzen saiatzen eta ez ditugu norbera bere herrian herritar izatea eragozten duten hautetsontziak ekartzen". "Gaur Katalunian bizitzen ari garena politikaren porrota da", gaineratu du.
Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidenteak Katalunia goraipatu eta karga polizialak gaitzetsi ditu, Twitterren duen kontuan honakoa idatzita: “Kataluniako herriaren duintasuna baina handiagoa irudikatzea zaila da, eta nekez, zoritxarrez, erantzun poliziala baino zentzugabekeria handiagoa”.
Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiak “Espainiak Kataluniaren eskaera demokratiko eta baketsuei emandako erantzuna erabat lotsagarria” dela esan du, sare sozial bera erabilita.