Politika -

Eusko Legebiltzarrean

Urkulluren proposamenak oposizioaren erreakzioa eragin du

Alderdiek modu ezberdinean erantzun diote lehendakariaren mintzaldiari, Eusko Legebiltzarreko Politika Orokorreko Eztabaidan.

Politika Orokorreko Eztabaida Eusko Legebiltzarrean. EFE.
Urkullu lehendakariaren hitzak izan dituzte hizpide alderdiek

1:27

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Legebiltzarreko taldeek Iñigo Urkullu lehendakariaren hitzaldiari erantzun diote, gaur, Politika Orokorreko Eztabaidan.

Joseba Egibar EAJko legebiltzarkidearen hitzetan, Estatu konfederalaren alde Urkulluk egindako defentsa "ez da berria".

Ildo horretan, 1998an, EAJk, CiUk eta BNGek Estatu konfederalaren aldeko akordioa sinatu zutela eta egitura hori Espainiako Gobernuari berari eskaini ziotela gogoratu du Egibarrek.

Haren esanetan, "Euskadiko, Kataluniako eta Galiziako errealitateak aintzat hartuta, Estatu konfederala antolatu liteke, Espainiako Estatuan", Europar Batasuna "batasun konfederalaren eredurik onena" baita.

Iker Casanova EH Bilduren legebiltzarkideak lehendakariari egotzi dio euskal gizartearen arazoei "ihes egin nahi izatea" eta autogobernuaren harira proposamen "errealistak" ez egitea.

Kataluniako auziaren harira Urkulluk egindako mintzaldia "erabat mingarria, distantziakidea eta hoztasunez beterikoa" dela esan du. Izan ere,  atzo Generalitateko goi-karguen atxiloketen ostean ez du "behar bezalako solidaritatea" azaldu.

Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko bozeramailearen ustez, lehendakaria "errealitatetik kanpo" gelditu da gaur, eta Katalunian izandako azken gertaeren ostean, EAJk inolako akordiorik sinatuko ez duela esatea falta izan zaiola leporatu dio lehendakariari.

Martinezen hitzetan, Generalitateko goi-kargudunen atxiloketen aurrean, lehendakaria “irmoago” erantzun behar izan du.

Autogobernuari dagokionez sozialistak lehendakariaren hitzaldiarekin bat ez datozela zehaztu nahi izan du Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak.

“Autogobernuaren etorkizunari buruzko ikuspegi partikularra aurreratu du lehendakariak”, azaldu die Pastorrek kazetariei. “Proposamen batzuekin ez gaude ados, eta eskumenak argitzeaz, eskubide sozialak blindatzeaz eta leialtasun federalerako mekanismoez hitz egitea nahiago dugu”, gaineratu du. Gai horren inguruan alderdi bakoitzak ikuspuntu desberdina du.

Euskadin, PPren “babesa jasotzea jokoan” dagoela ohartarazi dio Borja Semper Alderdi Popularreko legebiltzarkideak Urkulluri. Status berriaren bidetik jarraitzen baldin badu, Ibarretxe plana “berrargitaratzea” izango litzateke, kritikatu duenez.

Urkulluren hitzaldian “doktrina abertzale asko eta kudeaketarako neurri gutxi” ikusi dituela esan du Semperrek. “Autokonplazentzia” eta gizartearen benetako arazoen aurrean erantzun falta leporatu dizkio lehendakariari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Euzko Alderdi Jeltzalea PP Urkullu albisteak Joseba Egibar Artola Eusko Legebiltzarra bideoak EH Bildu Araba PSE-EE albisteak Gaurko azken ordukoa Podemos Ahal Dugu Euskadi