Politika -

15 urte bete ondoren

Ibilbide politikoa amaitzea proposatu du Aralarren zuzendaritzak

Afiliatuek abenduko kongresuan eztabaidatuko dute proposamena. Zuzendaritzaren iritzian, EH Bilduren baitan batu behar da ezker abertzalea.

Ubera, idazkari nagusi izendatu berritan. Artxiboko argazkia: EFE
Rebeka Ubera. Artxiboko argazkia: EFE
Zabaleta, Aralarren desegiteaz: 'EH Bilduk egitura bateratua behar du'

2:02

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aralarren zuzendaritzak bere ibilbide politikoa amaitzea proposatuko die afiliatuei alderdiaren VII. Biltzarrean. Zuzendaritzaren iritzian, 2002an alderdia sortzean ezarritako helburuak bete dituzte, eta orain EH Bildu da zereginok egiteko "tresna".

Rebeka Uberak zuzentzen duen alderdiak abenduaren 2an egingo du bere biltzarra, eta bertan eztabaidatzeko txosten politikoa dagoeneko helarazi die herrialdeetako arduradunei. Uberak eta Zabaletak landutako agirian, "auto-desegitea" proposatzeko argudioak aletu ditu zuzendaritzak.

Dokumentuaren arabera, duela 15 urte sortutako alderdiak "pertsona guztiak, ideia guztiak eta proiektu guztiak" kontuan izango dituen Euskal Herria eraikitzea zuen xede. Urteotan, "une gogor zein goxoagoetan", leial heldu diote printzipio horri, "maiz" ulertu ez dituzten arren. Hala, "egin beharrekoak eginda" eta alderdia sortzean ezarritako "helburuak beteta", "ibilbide politiko bati amaiera emateko unea" dela uste du Aralarreko zuzendaritzak.

 

 

Besteak beste, "ezker abertzale zibil eta zabalaren sorrera" eta "ETAren borroka armatuaren bukaera" aldarrikatu zituen Aralarrek bere sorreran. Orain "garai berriek iraultza sozialerako eta erabaki eskubidearen garapenerako behar duten tresna eraginkor berriari lekukoa" emateko garaia da, zuzendaritzaren ustean.

EH Bildu da, hain justu, "tresna eraginkor berri" hori, eta "etorkizuneko ezker abertzale bateratua eraikitzea" horren baitan egin behar da, txosten politikoaren arabera.

Aralarren afiliatuek dokumentua onartuz gero, EH Bilduren militante izatera pasatuko dira, independente gisa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak EAE Alderdi politikoak EH Bildu Nafarroa Aralar Gaurko azken orduko albistea