Politika -
BARNE- HAUTESKUNDEAK
Abenduaren 8tik 14ra egingo ditu Ahal Dugu Euskadik primarioak
Azaroaren 2an abiatuko dute barne-hauteskundeen prozesua, egun horretan zabalduko baita hautagaientzat bermeak biltzeko epea. Abenduaren 15ean izendatuko dute idazkari nagusi berria.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ahal Dugu Euskadik alderdiaren zuzendaritza berria aukeratzeko ezarri duen egutegia eman du jakitera: abenduaren 8tik 14ra egingo dituzte idazkari nagusi berria aukeratzeko primarioak, eta emaitzak hurrengo egunean bertan emango dira jakitera.
Nagua Alba Ahal Dugu Euskadiko idazkari nagusiak abuztuaren 29an iragarri zuen primarioak aurreratu egingo dituztela, eta bera ez zela aurkeztuko idazkari nagusi kargura. 2019ko udal eta foru hauteskundeetarako zuzendaritza berria prest izan nahi dutela esan zuen Albak.
Barne-hauteskundeen egutegia azaroaren 2an jarriko dute martxan, eta abenduaren 15ean itxiko dute, idazkari nagusia izendatuta. Aurretik, urriaren 28an, batzarra egingo du Ahal Dugu Euskadik, militanteei alderdiaren ildo politikoa eta estrategikoa azaltzeko. Batzarra presentziala izango da.
Idazkari nagusi kargura aurkeztuko diren hautagaiek bermeak biltzeko epea zabalduko da lehendabizi, azaroaren 2tik 17ra, eta hautagaien behin betiko zerrenda azaroaren 23an publikatuko da.
Hautagai horiek bi asteko epea izango dute barne-kanpaina egiteko, azaroaren 24tik abenduaren 7ra, eta abenduaren 8tik 14ra egingo dira bozketak.
Abenduaren 15ean izendatuko dute Ahal Dugu Euskadiren hirugarren idazkari nagusia. Roberto Uriarte izan zen aurrena, eta Nagua Albak hartu zuen haren lekukoa ondoren.