Politika -

Altsasuko auzia

Altsasuko gazteen senideak Europako Parlamentuan izan dira, babes eske

"Ez dugu inpunitaterik nahi; errugabetasun presuntzioa errespetatzea, proportzionaltasunez aritzea eta epaiketa justu baterako bermeak eskatzen ditugu", azpimarratu dute.

Altsasukoen senideak
Altsasukoen senideak
Altsasuko gazteen familiakoak Bruselara joan dira, elkartasunaren bila

1:26

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ustez bi guardia zibili eta haien bikotekideei eraso egiteagatik Auzitegi Nazionalean terrorismo delitua egotzita epaituko dituzten Altsasuko gazteen senideak Europako Parlamentuan izan dira, Bruselan, kasuaren xehetasunen berri emateko eta herrialde ezberdinetako eurodiputatu eta taldeen babesa eskatzeko.

Talde parlamentario ezberdinekin bildu dira gaur eta Bruselako Ganberak 'Europa, Zuzenbide Estatutik salbuespen Estatura' izenburupean antolatutako hitzaldian izan dira.

Amaitzeko, agerraldia egin dute Maria Albiol (IU), Izaskun Bilbao (EAJ), Xabier Benito (Podemos) eta Josu Juaristi (EH Bildu) eurodiputatuek lagunduta.

"2016ko urriaren 15etik egoera oso injustua bizi dugula esatera etorri gara Bruselara", esan dute, egun hartan Altsasun gertatutako "tabernako liskarra" izan zela gogoratuta.

"Ez dugu inpunitaterik eskatzen, ezta batzuen edo besteen alde egiteko ere. Errugabetasun presuntzioa errespetatzea eskatzen dugu, gertatutakoaren inguruko ikerketa zorrotza eta neutrala egitea, proportzionaltasunez eta Zuzenbide Estatuaren printzipioak errespetatuz jardutea eta epaiketa justu bat izango dela bermatzea", azaldu dute.

"Justizia eta giza eskubideak eskatzen ditugu, Europa eraikitzeko eta demokrazian aurre egiteko oinarrizko printzipioak", erantsi dute.

Auzipetuen gurasoek esan dute Zigor Kodearen erreforma baten ondotik terrorismo delituaren definizioa zabaldu egin zela eta horren arabera epaituko dituztela.

Ildo horretan, gogora ekarri dute atentatu jihadistak Europan ugaritu ziren garaian egin zela Zigor Kodearen aldaketa eta Nazio Batuen Erakundeko bost kidek terrorismoaren definizio berria zalantzan jarri zutela, zabalegia delako eta horrek proportzionaltasuna bermatzen ez duelakoan, "terrorismoa ez diren ekintzak kriminalizatzeko arriskuarekin".

"Artikulu horren pean, hiru gaztek ia zortzi hilabete daramate espetxean, etxetik 400 kilometrora; eta beste zazpi, tartean bi adingabe, behin-behineko askatasunean daude; guztiei terrorismo delitua leporatzen diete eta 10-15 urtetik gorako kartzela-zigorra ezar diezaiekete", salatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Politika albisteak Albisteak Nafarroa Europa Presoak Eguneko albisteak Albisteak Altsasu azken ordukoa Gazteak