Politika -
BIKTIMAK
Polizia-abusuen 187 biktima 'ahanzturatik atera' dituzte
'Ahanzturatik ateratzen' izeneko txostenaren bidez, informazioa 'kualitatiboki' osatzen da, eta, horren bidez, aztertutako historia eta kasuen berri ematen da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iñigo Urkullu lehendakariak, gaur goizean, 107/2012 Dekretuko (Euskal Autonomia Erkidegoan, 1960tik 1978ra bitartean, motibazio politikoko indarkeria-egoeran izandako giza eskubideen urraketen ondorioz sufrimendu bidegabeak jasan zituzten biktimak aitortzekoa eta biktima horiei ordainak ematekoa) Balorazio Batzordeko kideekin bildu da, eta haiek "Ahanzturatik ateratzen" txostena eman diote lehendakariari.
Txosten horrek aipatutako dekretuaren babesean biktima-izaera eman zitzaien 187 lagunen gaineko kasuak era sakonean aztertzen ditu.
Eusko Jaurlaritzak ohar baten bidez jakitera eman duenez, gaur aurkeztutako txostenaren bidez, "informazioa osatzen da", eta, horrela, "kualitatiboki sakontzen da eta jasotako historien berri ematen da, partekatutako minen berri, baita aurkeztutako dokumentazioaren eta Balorazio Batzordeak aurkeztu ziren kasuetan eginiko analisiaren berri ere".
Horrez gain, txosten hori aurkeztuta, aipatu batzordeak "etapa bat itxi nahi du eta egindako lanaren berri eman".
187 kaltetu
187 kaltetu horien gainean (horietako 30 Estatuko Segurtasun Indarren tiroen eraginez hil ziren) dagoeneko egin zen hasierako txosten bat, eta lehendakariak 2016ko otsailaren 20an jaso zuen Kursaalen egin zen ekitaldi batean, biktima horiek omentzeko balio izan zuena.
Orduko hartan, Urkulluk adierazi zuen pertsona horiek pairatu behar izan zuten sufrimendua "bidegabea" eta "sekula gertatu behar ez zena" izan zela. Ekitaldira bertaratu ziren ehundik gora pertsonen aurrean, lehendakariak baieztatu zuenez, "etorkizunean, inongo kausa politiko edo estatu arrazoi ez da sekula kokatuko giza eskubideen balioen, pertsonaren edo bizitzaren aurretik".
Halaber, lehendakariak gogorarazi zuenez, 107/2012 Dekretuari esker, "1960 eta 1978 bitartean eragindako giza eskubideen urraketen biktima guztiei erreparazioa eskaini zaie, banan-banan".
Polizia-abusuen legea errekurrituta
Sasoi horretan Eusko Jaurlaritza Polizia Gehiegikerien Biktimen Legea izapidetzen ari zen, eta, azkenean, 2016ko uztailaren 28an onartu zen honako izen honekin: 'Euskal Autonomia Erkidegoan 1978 eta 1999 bitartean izandako motibazio politikoko indarkeria egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa ematekoa.
Mariano Rajoyren Gobernuak aipatu lege horren aurkako errekurtsoa aurkeztu zuen Auzitegi Konstituzionalaren aurrean, uste baitu Justizia epaitegiei besterik ez dagozkien eskuduntzak bere gain hartzen dituela.