Politika -

Ikerlana

EiTB Focus: ETA lehenago armagabetu beharko zen, euskal gizartearen ustez

Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako 2.350 pertsonari egindako galdeketaren arabera, % 78k iritzi hori du. % 9,3ren ustez, aukeratutako unea egokia izan da.

ETAren armagabetze uneaz galdetu diete euskal herritarrei EiTB Focus inkestan. EiTB
EiTB Focus
Herritarrek uste dute ETA lehenago armagabetu beharko zela

3:12

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETA lehenago armagabetu beharko zela uste dute Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eta Nafarroako herritarrek, EiTB Focus ikerketaren arabera.

Gizaker inkesta etxeak hainbat gairen inguruan galdetu die Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako 2.350 pertsonari. Besteak beste, udal eta foru hauteskundeei begira duten boto-asmoari eta ETAren armagabetzeari buruz itaundu diete herritarrei.

Azken horren kontura, galdetutakoen % 78k uste dute ETAk lehenago utzi beharko zituela armak. % 9,3ren iritzian, berriz, aukeratutako unea egokia izan da.

ETAk armak lehenago utzi beharko zituen EITB FOCUS ekaina junio 2017

Itaundutako 10 pertsonatik bederatzik uste dute erakunde armatua behin betiko desegin behar dela.

ETAk desagertu beharko luke EITB FOCUS ekaina junio 2017

Herritarren % 77k ETAko presoak hurbiltzea babesten dute; % 10, horren kontra daude.

Presoak hurbiltzeari buruz EITB FOCUS ekaina junio 2017

Terrorismoaren aroa behin betiko ixteko, hauek aipatu dituzte herritarrek, lehentasun gisa: erakunde armatua desegitea, biktimei egindako kaltea aitortzea eta presoak Euskal Herrira hurbiltzea.

Lehentasunen ordena ETA EITB FOCUS ekaina junio 2017

Fitxa teknikoa

EAEn eta Nafarroan bizi diren 2.350 pertsonari galdetu diete (400 Gasteizen, eta 150 Arabako gainerako udalerrietan; 400 Bilbon eta 200 Bizkaiko gainerako udalerrietan; 400 Donostian eta 200 Gipuzkoako gainerako udalerrietan; 350 Iruñean eta 250 Nafarroako gainerako udalerrietan).

Laginaren akats-tartea ±% 2,02koa da, eta konfiantza-maila % 95ekoa. p=q=0´5, datu orokorretarako, ±% 2,34koa EAEko datuetarako, ±% 4,00koa Nafarroako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuetarako, ±% 4,18koa Arabako datuetarako, ±% 4,90ekoa Gasteiz, Bilbo eta Donostiako datuetarako, eta ±% 5,24koa Iruñeko datuetarako.

Lurralde historiko, udalerri, sexu eta adinaren arabera geruzatutako zorizko lagina. Inkesten % 15,3 euskaraz egin dira, eta gainerako % 84,7a, gaztelaniaz. Inkesta egiteko hautatutako udalen populazio-tamainagatik haztatutako erabateko emaitzak.

Landa-lana 2017ko maiatzaren 16tik 20ra egin zen telefono bidezko elkarrizketa bitartez. Inkesten batez besteko iraupena 9,2 minutukoa izan zen; motzenak 6 minutu iraun zituen, eta luzeenak 23 minutu.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Gaurko albisteak Nafarroan EAE albisteak Presoak ETA albisteak Eguneko albisteak EiTB Focus