Politika -
BOTO-ASMOA
'Aldaketaren gobernua' sendotu egingo litzateke Nafarroan zein Iruñean
EiTBren inkestaren arabera, handitu egingo luke gehiengoa eta gobernatzen jarraituko luke hiriburuko udalean zein Foru Gobernuan. UPNk lehen indarra izaten jarraituko luke, baina eserleku bat galduta.
eitb.eus
Euskal Irrati Telebistak (EiTB) egindako EiTB Focus ikerketaren arabera, udal hauteskundeak zein Foru Parlamenturakoak orain egingo balira, 'aldaketaren gobernua' sendotu egingo litzateke Iruñean zein Nafarroa osoan; horrenbestez, gobernatzen jarraitu ahal izango luke. Bestalde, UPNk lehen indarra izateari eutsiko lioke.
Gizaker enpresak herritarrei hainbat gairi buruz galdetzeko Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan EiTBrentzat egin duen makroinkestan, Foru Erkidegoko 600 pertsonari (350 Iruñean eta 250 Nafarroako gainerako udalerrietan) galdetu diete euren boto-asmoaz, hiriburuko udalean zein Nafarroako Gobernuan legegintzaldiaren erdia bete denean.
Hartara, ikerketaren emaitzen arabera, egun Nafarroako Parlamentuan gobernatzen duen koalizioa indartu egingo litzateke bi parlamentari irabazita. Ondorioz, gehiengoa areagotuko luke eta gobernatzen jarraitu ahal izango luke.
UPNk lehen indarra izaten jarraituko luke, baina eserleku bat galduta. Geroa Bai ia 5 puntu igoko litzateke eta bi parlamentari irabaziko lituzke. Gobernu-hitzarmeneko beste hiru kideek ordezkari kopuru berarekin segituko lukete. Hala ere, EH Bildu eta Izquierda-Ezkerra hazi egingo lirateke botoen ehunekoari erreparatuta, eta Unidos Podemosek, berriz, behera egingo luke.
Foru Gobernuaren kudeaketari dagokionez, % 72,5ek ontzat jo dute horren jarduna, eta 10etik 5,6ko batez besteko nota merezi duela uste dute inkestatuek.
Halaber, Uxue Barkosen jardunari 10etik 5,9ko nota eman diote, eta galdetutakoen ia % 96k badaki nor den.
Azkenik, herritarrek 5eko notarekin baloratu Foru Gobernua osatzen duten laukoaren jarduna.
Iruñeko Udala
Aldaketaren Iruñeko udal gobernua hazi egingo litzateke boto-asmoari dagokionez, eta zinegotzi bat gehiago bereganatuko luke. EH Bilduk ere gora egingo luke, eta koalizioko gainerako indarrek, ordea, berdin jarraituko lukete.
UPNk lehenengo indarra izaten jarraituko luke, baina 3,2 puntu jaitsiko litzateke eta horrek ordezkari bat galtzea eragingo lioke. PSNk, berriz, handitu egingo luke boto-asmoa.
Iruindarrek batez beste 5,7ko nota eman diote egungo udal gobernuaren jardunari, eta biztanleen % 72,2k ontzat jo dute horren lana.
Joseba Asiron alkatea da hiriko politikari baloratuena; hain zuzen ere, Asiron eta Geroa Baiko Itziar Gomez dira nahikoa eskuratu duten bakarrak. Izquierda-Ezkerra alderdiko Edurne Eguinok nahikotik gertu geratu da, 4,7ko balorazioarekin. UPNko Enrique Maya eta PSNko Maite Esporrin politikariei 4ko nota eman diete. Aranzadiko Armando Cuenca da zerrendan azkena, 3,4 lortuta.
Fitxa teknikoa
Nafarroari buruzko datuak 600 pertsonari itaunduta lortu dira (350 Iruñean eta 250 Nafarroako gainerako udalerrietan), eta laginaren akats-tartea ±% 4,0koa izan da Nafarroan eta ±% 5,24koa Iruñean.
Lurraldea, udalerria, sexua eta adina kontuan hartuta banandutako ausazko lagina. Emaitza nagusiak galdekatutako udalerrien biztanleriaren arabera haztatu dira.
Landa-lana 2017ko maiatzaren 16tik 20ra egin da, telefono bidezko elkarrizketak eginez.