Politika -

EH Bilduren proposamena

Kataluniako prozesuari buruzko batzordea sortzea errefusatu du Ganberak

Auziaz eztabaidatzeko Autogobernuaren Lantaldea badagoela argudiatu dute EAJk eta Elkarrekin Podemosek. PSE-EEren eta PPren ustez, ez dago zer "kopiatu".

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrean Kataluniako prozesuari buruzko batzorde bat sortzea errefusatu du gaur Ganberak. EH Bilduren ekimenez heldu da eztabaida, baina koalizioa bakarrik geratu da haren defentsan. Izan ere, EAJren, Elkarrekin Podemosen, PSE-EEren eta PPren kontrako botoa jaso du legez besteko proposamenak.

Taldeek,ordea, argudio ezberdinak izan dituzte proposamena errefusatzeko. EAJk eta Elkarrekin Podemosek Autogobernuaren Lantaldea aipatu dute; euren ustez, hori da auzi honen inguruan eztabaidatzeko foro egokiena. PSE-EEk eta PPk nabarmendu dutenez, Euskadik ez du Kataluniako bidea "kopiatu" behar, eta "kutsatzea" saihestu behar da, euren aburuz.

Pello Urizar EH Bilduko legebiltzarkidea izan da proposamena defendatzeko arduraduna. Azaldu duenez, Kataluniako auzia "sakon" aztertu behar da, eta horretarako batzorde bat eratzea da onena, Autogobernuaren Lantaldeaz harago.

Urizarrek argudiatu duenez, Katalunian gertatzen denak Euskadiren politikan eta ekonomian eragin zuzena du. Haren iritzian, "Kataluniako prozesuak atea zabalduko du baliatu nahi dutenentzat".

Joseba Egibarrek (EAJ) "beste alde batera begiratzeari uzteko" eta Lantaldean izango duen jarrera zehazteko eskatu dio koalizioa abertzaleari. Legebiltzarkide jeltzaleak Kataluniako erreferenduma defendatu du, 540.000 norbanako eta erakundeek egindako "eskakizun demokratiko" bat den aldetik.

Lander Martinez ere (Elkarrekin Podemos) gaia Autogobernuaren Lantaldean eztabaidatzearen aldeko da. Koalizio moreak erabakitzeko eskubidea defendatzen duela gogorarazi du, baina EH Bilduren proposamena "errepikakorra" dela iritzi dio.

Gogorrago mintzatu da Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramailea. Haren hitzetan, nazionalista katalanek egin duten "hordagoak ez du balio, ispilu hautsia da"; beraz, ez dago zer "kopiatu". Azaldu duenez, euskal sozialistek PSCren jarrera "ehuneko ehunean" babesten dute.

Borja Semperrek (PP) "demokraziari egindako erasotzat eta burugabekeria juridikotzat" jo du Kataluniako prozesua. Auzia aztertzea baino, "kutsatzea" saihestu behar du Euskadik.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Berriak Politika EAJ-PNV Kataluniako erreferenduma Eusko Legebiltzarra argazkiak EH Bildu Araba PSE-EE Euskadiko PP berriak Gaurko azken orduko albistea Euskadiko Podemos-eko albisteak