Politika -
'Mozal legea'
'Mozal legea'ren aurkako pintaketak egin dituzte Donostiako autobus batean
Donostiako Udalak gertaera gaitzetsi eta 'horrelako erasoek hiritarrak kaltetu baino ez dutela egiten' adierazi du.
Agentziak | Erredakzioa
Donostiako Udalak DBUS udal garraio konpainiak, ohar baten bidez, gaitzetsi egin dute atzo gauean enpresa horrek "pairatutako erasoa". Gertaera horretan zehar, hainbat ezezagunek "Mozal legea"ren kontrako pintaketak egin zituzten ibilgailuan, baita joan zen larunbatean, protesta-ekintza bat egiten ari zela, Usurbilen tren batek harrapatuta zauritu zen gaztearen aldekoak ere.
Oharrean jasotzen denez, atzo gaueko hamarrak inguruan, ezezagun talde batek 5-Benta Berri autobus lineako ibilgailu bat geldiarazi zuen Matia kalean.
Gidariari ibilgailua geldiaraztera behartu ondoren, erasotzaileetako batzuek "itxuraz politikoak diren pintadak" egin zituzten autobusaren alboetan eta beste erasotzaile batzuk, berriz, autobusaren aurreko aldean geratu ziren, "bengala batzuk piztuta zituztela". Horren ostean, alde egin zuten.
Egindako pintadetan honako hau irakur daiteke: "EAJ mozal legerik ez. Eutsi gogor Martin".
Pintaketak DBUSeko autobus batean. Argazkia: Donostiako Udala
Pilar Arana Udaleko Mugikortasun zinegotziak gertakariak gaitzetsi ditu, eta, esan duenez "horrelako erasoek hiritarrak kaltetu baino ez dute egiten".
Aranak "ibilgailuaren gidariari eta erabiltzaileei eragin dieten urduritasuna" salatu du, eta gogora ekarri du "horrelako apurketek udalaren diru kutxetan kalteak" dakartzatela.