Politika -

2017ko Euskal Aurrekontuak

2017rako aurrekontu proiektuak azken aurreko tramitea gainditu du

Eusko Legebiltzarrak atzera bota ditu EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek aurkeztutako osoko zuzenketak, EAJk, PSE-EEk eta PPk botoak batuta.

Ogasun eta Ekonomia sailburua Legebiltzarrean, EH Bilduren ordezkarien aurrean. Argazkia: EFE
Ogasun eta Ekonomia sailburua Legebiltzarrean, EH Bilduren ordezkarien aurrean. Argazkia: EFE
Atzera bota dituzte aurrekontuei aurkeztutako zuzenketak

2:00

agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 2017rako aurrekontu proiektuak azken-aurreko tramitea gainditu du gaur Eusko Legebiltzarrean; izan ere, Gasteizko Ganberak atzera bota ditu EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek aurkeztutako osoko zuzenketak.

Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek aurkeztutako osoko zuzenketen inguruko eztabaida egin dute. Dena den, EAJk, PSEk eta PPk zuzenketen kontra bozkatu dute eta, beraz, ezerezean gelditu dira. Tramite hori gaindituta, zuzenketa partzialak eztabaidatuko dituzte orain.

Okerrik ezean, apirilaren 11ko osoko bilkuran onartuko dituzte EAEko 2017rako Aurrekontuak EAJren eta PSE-EEren aldeko botoen eta PPren abstentzioari esker. Koalizio Gobernuak eta PPk Aurrekontuen inguruko akordioa sinatu zuten. Adostutakoaren arabera, PPk helegiteen bidez proposatutako hainbat diru-partida, 25 milioi euro inguru, erantsiko dizkiote proiektuari.

Gaurko eztabaidan, EH Bilduk 2017ko euskal aurrekontuen proiektua bueltatzea eskatu du, bere ustean, "kualitatiboki eta kuantitatiboki" txarrak direlako. Gainera, EH Bildurekin negoziatu nahi ez izana eta "Madrilera eta eskuinera begira" egotea leporatu dio EAJri, "txeke zuri bat emanda" aitortu ezin daitezkeen gauzen truke.

Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak Legebiltzarrean egin ditu adierazpenak, koalizioak berak eta Elkarrekin Podemosek Eusko Jaurlaritzaren Euskal Aurrekontuen Proiektuaren aurrean aurkeztutako osoko zuzenketen eztabaidan.

EH Bilduren arabera, Iñigo Urkulluren Jaurlaritzak aurkeztutako aurrekontua "kualitatiboki eta kuantitatiboki txarra da" eta "horren inguruan lortu den akordioa (EAJ, PSE-EE eta PPren artean) are txarragoa da".

Ildo beretik mintzatu da Lander Martinez Elkarrekin Podemosek Eusko Legebiltzarrean duen bozeramailea ere eta aurrekontu proiektua atzera botatzea eskatu du. Haren esanetan, gehiengo sozialaren beharrak bigarren mailan utzi eta "elite ekonomikoen" irabaziak egonkortzen ditu proiektu horrek.

Gainera, koalizio gobernuak gisa horretako kontuak PPren babesarekin onartzea erabaki duela deitoratu du Lander Martinezek.

Elkarrekin Podemosen esanetan, ezinezkoa da aurrekontu proiektu "ona" egitea baldin eta "diru sarrerak txarrak badira eta ez bada dirua ongi gastatzen". Are gehiago, Urkulluren Gobernuaren proiektuak bi akats horiek dituela azpimarratu du.

Bestalde, Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak adierazi duenez, apirilaren 11n onartzekoak diren kontuei esker "mugarri garrantzitsuak" lortu ahal izango dira finantza zein zergen esparruan, besteak beste, zerga sistema "eguneratzea" eta Kupoaren harira sortutako desadostasunak bideratzeko negoziazioak.

Azpiazuren hitzetan, EH Bildurekin eta Elkarrekin Podemosekin egindako bileretan baieztatu ahal izan zuen taldeak Aurrekontuen Proiektutik "urrun" zeudela.

Sailburuaren arabera, horrek ez zuen oztopatzen beste gai batzuen azterketa egitea, baina, "kontzeptuan eta forman zeuden desadostasun politiko eta ekonomikoek Jaurlaritzaren politikaren oinarriei eragiten zieten".

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Legebiltzarra Ekonomia 2024 EH Bildu Nafarroa PSE-EE albisteak Euskadiko PP bideoak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi EAEko Aurrekontuak