Politika -

makroinkesta

Bosgarren EiTB Focus: Herritarrak, Jaurlaritzaren lanarekin pozik

Galdeketaren bosgarren aleak boto-asmoaren inguruan ere itaundu du: EAJk irabaziko lituzke berriro bozak, eta sozialistak hirugarren geratuko lirateke.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2017ko martxoari dagokion galdeketa publikoa kaleratu berri du Euskal Irrati Telebistak (EiTB), alegia, Gizaker inkesta etxeak egindako EiTB Focus. Bosgarren alea da honakoa, eta gaurkotasun politiko eta ekonomikoez euskal gizarteak duen iritzia jakitea du xede.

Martxoaren 9an, ostegunarekin, kaleratu zen inkestaren lehen atala. Eusko Jaurlaritzak agintean emandako lehen 100 egunen balorazioa egiteko eskatu zitzaien itaundutakoei. Herritarren % 71,3ren iritzian, Jaurlaritzak kudeaketa "ona" egin du hilabeteotan. EAJren eta PSE-EEren arteko itunari buruz galdetuta, gehienek (% 64,7) 5 eta 10 bitarteko nota jarri diote.

NOLA BALIOESTEN DUZU EAJ PSE KOALIZIOA  2017 eitb focus marzo martxoa 9

Bigarren atala egun berean argitaratu zen, boto-asmoa hizpide hartuta. Inkestaren arabera, EAJk irabaziko lituzke berriro bozak; eserleku bat gehiago erdietsita, gainera (29). Iazko irailean, 28 legebiltzarkide eskuratu zituzten jeltzaleek, botoen % 37,6 lortuta. EH Bilduk irailean lortutako eserleku kopuruari (18) eutsiko lioke. PSE-EEk bi legebiltzarkide gehiago izango lituzke eta hirugarren geratuko litzateke. Elkarrekin Podemos Eusko Legebiltzarreko laugarren indarra izatera pasatuko litzateke, bi eserleku galduta. Azkenik, PPk eserleku bat galduko luke.

ESERLEKUEN ESTIMAZIOA EAEN 2017 marzoa martxoa 9 eitb focus

Hirugarren atalak, martxoaren 13an kaleratutakoak, 139 urte bete berri dituen Kontzertu Ekonomikoa izan zuen ardatz. Horren arabera, EAEko herritarren % 75ek erregimen fiskal berezi honen aditzea eduki dute. Pertsona horiei Kontzertuaz zer dakiten galdetuta, baina, ia denek onartu dute ezer gutxi dakitela: 1etik 10erako ezagutza mailan, batez beste, 4,89ko nota jarri diote euren buruari. Dena dela, herritarren gehiengo zabala ados dago Euskadiren eta Espainiaren arteko Ekonomia Itunarekin, eta Espainiako eredu ekonomikoa baino hobea dela irizten diote gehienek.

BADUZU KONTZERTU  EKONOMIKOAREN BERRI    EZAGUERA MAILA 2017 eitb focus martxoa marzo 13

Fitxa teknikoa

2017ko martxoko EiTB Focus inkestan, Eusko Jaurlaritzako lehen 100 egunei eta boto-asmoari buruz eta balorazio politikoaz eta Kontzertu Ekonomikoaz galdetu zaie herritarrei. Kontzertu Ekonomikoari buruzko emaitzak martxoaren 13an argitaratu dira.

EiTBrentzat egindako ikerketarako, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren 1.200 lagun galdekatu ditu Gizaker inkesta-etxeak (400 Araban, 400 Bizkaian eta 400 Gipuzkoan). Lagin osoaren akats-tartea 2,83koa da eta konfiantza maila, ostera, % 95ekoa.

Lagina zoriz hautatu dute, eta lurralde historikoa, udalerria eta generoa kontuan hartuta sortu dute. Inkesten % 22,3 euskaraz egin dituzte eta beste % 77,7ak gaztelaniaz. Emaitzak herrien tamainaren arabera haztatu dituzte.

Inkestak otsailaren 22a eta 24a bitartean egin zituzten. Elkarrizketek, batez beste, 8 minutu eta erdi iraun zuten. Luzeena 22 minutukoa izan zen, eta laburrena, berriz, 6 minutukoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
PNV-EAJ PP Eusko Jaurlaritza berriak EAE Alderdi politikoak berriak EH Bildu PSE-EE albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi EiTB Focus albisteak