Politika -

BILKURAK

Kataluniari elkartasuna agertzeko bilkurak egin ditu Gure Esku Dagok

Gaur eguerdian, 12:00etan, egin dira elkarretaratzeak, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Besteak beste, Andoni Ortuzar eta Arnaldo Otegi buruzagiek hartu dute parte.

Donostia, gaur. Argazkia: @GureEskuDago
Donostia, gaur. Argazkia: @GureEskuDago
Kataluniako prozesua babestu du Euskal Herritik Gure Esku Dagok

1:35

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

1.000 pertsona baino gehiago bildu dira Gure Esku Dago herri plataformak gaur eguerdian Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan antolatutako elkarretaratzeetan, Kataluniako herriari eta, bereziki, bihartik aurrera epaituko dituzten Arthur Mas, Joana Ortega eta Irene Rigau buruzagi kataluniarrei babesa adierazteko. Besteak beste, EAJko eta EH Bilduko ordezkariek hartu dute parte.

Donostian Andoni Ortuzar presidente jeltzalea eta Arnaldo Otegi ezker abertzaleko buruzagia izan dira. Bilbon, Arriaga plazan, Joseba Aurrekoetxea (EAJ), Maddalen Iriarte eta Iker Casanova (EH Bildu) egon dira, besteak beste. Gasteizko ekitaldian Gorka Urtaran alkateak hartu du parte, baita Lorena Lopez de Lacalle eta Felix Gonzalez EH Bilduren ordezkariek ere. Bestalde, Iruñean, EH Bilduko hainbat politikari izan dira elkarretaratzean: Adolfo Araiz, Bakartxo Ruiz, Miren Zabaleta eta Txelui Moreno.

'Demokrazia' lelopean egin dituzte mobilizazioak. "Demokraziaren aldarria lau hiriburutatik lau haizetara zabalduko dugu. Katalunian auzibidean dauden arduradun politikoei eta, oro har, herritarrei babesa agertzeko elkarretaratzeak deitu ditugu. Hitz bakar batekin erantzungo dugu: demokrazia", esan du Gure Esku Dagok.

2014ko azaroaren 9ko kontsulta deitzeagatik auzipetu dituzte Mas Kataluniako presidente izandakoa eta Rigau eta Ortega Kataluniako Gobernuko kontseilari ohiak. Bihar, otsailak 6, hasiko da epaiketa.

"Indarrak batuz, Kataluniari elkartasun demokratikoa adieraztera goaz eta, era berean, gure eskubideen oinarria hauspotzera. Demokrazian sakonduz soilik eraikiko baitugu etorkizun hobe bat", gaineratu du Gure Esku Dagok.

Generalitateko arduradun batzuk ez ezik, "2014ko azaroaren 9ko galdeketan parte hartu zuten bi milioitik gora herritarren borondatea" ere epaituko dutela salatu dute, "baita galdeketa hartan era batera edo bestera parte hartu zuten milaka eta milaka herritarrak ere".

Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidentea eta mahaiko kide batzuk auzibidean daudela eta 400 hautetsiri baino gehiagori eginbide judizialak ireki dizkietela ere ekarri dute gogora, hautetsontzietan jasotako agindua bideratzeagatik edo hautetsontzietatik eratorritako ordezkaritza zereginak betetzeagatik.

Mobilizazioek bi helburu nagusi izan dituzte; batetik, Kataluniako hautetsiei eta herritarrei elkartasuna adieraztea; eta, bestetik, demokraziaren aldarria lau haizetara zabaltzea. "Gaur hemen bildu garenok sinesten dugu demokrazian sakonduz soilik eraikiko dugula etorkizun hobe bat", esan dute.

Bilbon Arriaga plazan, Donostian Boulevarrean, Gasteizen Ama Zuriaren plazan eta Iruñean Udaletxe aurrean egin dituzte bilkurak.

gure esku dago gasteiz ARGAZKIA: @GureEskuDago

Gasteiz:@GureEskuDago

gure esku dago iruña ARGAZKIA: @GureEskuDago

Iruñea. Argazkia:@GureEskuDago

gure esku dago bilbo ARGAZKIA: @GureEskuDago

Bilbo. Argazkia:@GureEskuDago

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko albisteak Donostia argazkiak Iruñeko albisteak Gure Esku gaur Albisteak Gaur Gasteiz Gaurko azken orduko albistea