Politika -

Estatua - Euskadi harremana

Urkullu: 'Aldebiko harremana egon behar du, ez birzentralizazioa'

Lehendakariak enpatia, elkarrizketarako gogoa eta erantzuteko gaitasuna bilatzea espero du Mariano Rajoyrekin, oraindik zehaztu gabeko egun batean, egingo duen bileran.

Urkulluk lehendakari karguaren zina egin zueneko argazkia. EiTB
Mariano Rajoyren deiaren zain dago Urkullu lehendakaria

2:15

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Madrilen astearte honetan egin duten Presidente Autonomikoen VI. Batzarrera ez joateko arrazoiak eman ditu gaur Iñigo Urkullu lehendakariak. Haren esanetan, euskal autogobernuaren "berezitasuna" oinarri hartuta, aldebiko harremana egon behar du Euskadiren eta Estatu espainiarraren artean eta ez "birzentralizazioa", orain arte gertatu bezala.

Azaldu duenez, enpatia, elkarrizketarako gogoa eta erantzuteko gaitasuna bilatzea espero du Mariano Rajoyrekin oraindik zehaztu gabeko egun batean egingo duen bileran. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Aurrekontuen eta Espainiako Aurrekontu Orokorren negoziazioak bereizi ditu.

Ser irrati kateari eskainitako elkarrizketan, Urkulluk azpimarratu du Presidente Autonomikoen Batzarrean ez zela "Espainiako lurralde eredua, Estatu arazoa" jorratu.

Urkulluren esanetan, ez dago Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko aldebiko harremanik, eta Mariano Rajoyri lau urtean hainbat galdekizun egin badizkio ere, ez du erantzunik jaso. "Erantzunik ez egoteaz aparte, birzentralizazio prozesu bat dago", gaineratu du.

Iñigo Urkulluk adierazi duenez, Presidente Autonomikoen Batzarrean finantzazioa eta zerga politika bezalako gaiak jorratu dituzte eta "Euskadik ez du zerikusirik gainerako autonomia erkidegoekin". Halaber, batzorde sektorialetan jorratu ohi diren gaiak eta "Estatu gaiak diruditen arren, Euskadiren eskumenak diren" beste gai batzuk mahaigaineratu zituztela esan du.

Lehendakariak ziurtatu duenez, Presidente Autonomikoen Batzarrera ez joateko erabakia ondo pentsatutakoa izan zen, eta abenduaren 16an bidalitako eskutitz batean jakinarazi zion Mariano Rajoyri. Gaineratu duenez, hamar egunera Rajoyk erantzun zion, baina ez zion egindako eskakizunei inguruko ezer esan.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Urkullu albisteak Eusko Jaurlaritza berriak EAE albisteak Espainiako Gobernua albisteak Eguneko albisteak