Politika -
Auzitegi Nazionala
Altsasuko zazpi gazteek kartzelan jarraitzea eskatu du fiskalak
Auzipetuak gazteak izateak ihes egiteko arriskua areagotzen duela argudiatu du Auzitegi Nazionaleko fiskalak, ez ei daudelako hain errotuak.
Agentziak | Erredakzioa
Altsasuko erasoagatik auzipetutako hamaika pertsonetatik zazpik kartzelan jarraitzea eskatu du gaur Auzitegi Nazionaleko fiskalak.
Auzitegi Nazionalak gaur berrikusi du bi guardia zibili eta haien bikotekideei eraso egiteagatik auzipetutako hamaika pertsonetatik zazpik behin-behineko kartzela saihesteko aurkeztutako helegitea.
Jose Perals fiskalak adierazi duenez, auzipetuak gazteak izateak ihes egiteko arriskua areagotzen du ez ei daudelako hain errotuak. Espetxean dauden zazpi gazteek 19 eta 24 urte bitartean dituzte.
Carmen Lamelak baldintzarik eta fidantzarik gabeko kartzela-zigorra ezarri zien zazpi auzipeturi. Areto Penaleko laugarren sailak berrikusiko du neurri hori eta datozen egunetan jakinaraziko du erabakia.
Joan den azaroaren 22an, auzipetuek deklaratu eta espetxeratu ondoren, epaileak terrorismo delituak egotzi zizkien bederatzi auzipetuei, atentatu, gorroto eta lesio delituak leporatuta.
Bestalde, bihar Carmen Lamela epailearen aurrean deklaratu beharko dute.
Gazteen deklarazioarekin bat eginez, asteartean giza kateak egingo dituzte Altsasun eta Sakanan gazteak libre uztea eskatzeko.