Politika -

Erreakzioak

Operazioak desarmea zailtzen du, EAJ, EH Bildu eta Podemosen ustez

Radio Euskadin adierazi dutenez, Espainiako Gobernuak ETAren armagabetzea oztopatu nahi du Luhusoko atxiloketekin.

'Parlamento en las Ondas' tertuliako argazkia. EiTB
'Parlamento en las Ondas' tertuliako argazkia. EiTB
Operazioak armagabetzea zailtzen du, EH Bildu, EAJ eta Podemosen ustez

11:37

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdiek Radio Euskadiko Parlamento en las Ondas solasaldian aditzera eman dutenez, bart Luhuson (Lapurdi) atxilotutako bost pertsonak "gizarte-antolakuntzetako kideak" dira eta Espainiako Gobernua ETAren armagabetzea oztopatzeko egiten ari den ahalegina islatzen du polizia-operazioak.

Joseba Egibar EAJren bozeramaileak operazioa salatu du. Izan ere, ETAk armak behin betiko uzteko erabakia hartu eta bost urtera, "ekonomiaren, sindikalismoaren eta bakearen arloan Iparraldean lanean ari diren bost ekintzaile" atxilotu dituzte, "guztiok ezagutzen ditugu" eta "badakigu ez dutela inolako loturarik ETArekin", esan du.

Buruzagi jeltzalearen esanetan, atxilotuek "armategiak suntsitzen lagundu nahi zuten".

Ondoren, aipatu du Espainiako Gobernuak eta Frantziako Poliziak badakitela ETAk non gordetzen dituen armak eta "norbaitek zerbait egin zain daudela", "haien aurka ekin eta hedabideei polizia-operazio gisa saltzeko".

EH Bilduren izenean Iker Anduezak hitz egin du, eta Lapurdiko operazioa "burugabekeria" dela azpimarratu du. Halaber, Espainiako Gobernuaren jarrera kritikatu du, "armagabetzearen alde ezer ez egitetik guztiz aurka ekitera igaro baita".

Atxilotuei zein delitu egotzi dizkieten jakin arte zain egoteko deia egin du, "armak suntsitzeko lanean ari den jendeari ETAko kide izatea leporatzeko adorerik ba ote duten ikusteko".

Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak, bestalde, Espainiako Gobernua kritikatu du, ETAren armagabetzea eta desagerpena errazteko borondaterik ez izateagatik. Aldi berean, "prozesua zailtzeko trabak jartzea (bart izandako atxiloketak, kasu)" leporatu dio, desarmea lortzeak "betebehar morala" izan beharko lukeela argudiatuta.

Horrez gain, Eneko Andueza PSEko parlamentariak esan du ez dakiela zein den benetako bertsioa, "Barne Ministerioak emandakoa edo atxilotuak gizarte-antolakuntzetako kide direla dioten iturriek emandakoa". Edozein kasutan, berretsi du "ETAren amaiera-fasean bagaude, poliziari esker" izan dela.

Anton Damborenea PPko parlamentarioaren iritziz, berriz, "ETA armagabetzeko prozesu bakarra Guardia Zibila urtetan egiten ari dena da" eta gaineratu du ETAren borondatea armak deuseztatzea bada, "non dauden esatea baino ez dutela".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Iparraldea bideoak Euskadi Ta Askatasuna albisteak Gaurko azken orduko albistea