Politika -

EUSKO LEGEBILTZARRA

Autogobernuari buruzko lantaldea sortzea eskatu dute EAJk eta PSEk

Estatuaren eredu autonomikoa berraztertzea eta Konstituzioaren erreforma proposatu dituzte, besteak beste. Memoriaren eta Bizikidetzaren ponentzia sortzea ere eskatu dute.

Legealdi berriko lehen Gobernu Bilera egin dute gaur. Argazkia: IREKIA
Jaurlaritzak jarrera aldaketa sakona eskatu dio Madrilgo Gobernuari

1:48

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkulluren Jaurlaritza berriak egin du lehen bilera. Lehendakaria buru, atzo kargua hartu zuten hamaika sailburuak bildu dira goizean Gasteizen. Jarrera aldaketa sakona eskatu diote Madrilgo Gobernuari, besteak beste, autogobernuan sakontzeko.

Eusko Legebiltzarrean autogobernuari buruzko lantaldea sortzea eskatu dute EAJk eta PSEk; Gernikako Estatutua eta Espainiako Konstituzioa, biak erreformatzea eskatu dute, autogobernuan sakontzeko eta Estatuaren eredu autonomikoa aldatzeko.

Memoria eta Bizikidetza landuko duen lantaldea sortzea ere proposatu dute bi alderdiok, "biktima guztiek dagokien eta merezi duten erreparazioa eta aitortza jaso dezaten" eta "ETAren behin betiko amaiera" gauzatu dadin.

Ponentzia horiek abian jatzeko, ez-legezko bi proposamen aurkeztu zituzten joan den ostiralean jeltzaleek eta sozialistek. Legebiltzarreko Mahaiak argi berdea eman die bi ekimenoi gaur.

"Aniztasunetik", "elkarrizketarako eta elkar ulertzeko espazioak" bultzatzera deitu dituzte alderdi guztiak. Sor litezkeen lantalde berri horiek izango lirateke, EAJren eta PSEren aburuz, akordiorako abaguneak sortzeko leku aproposak. Mahai gainean jarri dituzten gaien konplexutasunak "borondate politikoa, lana eta elkarrizketa" behar dituela ezinbestean onartu dute.

Tramitera onartuta,  ez-legezko bi proposamen hauek Osoko Bilkuran eztabaidatzea eta onartzea izango da hurrengo urratsa.

Aurrekontu proiektua

Gaurko Gobernu Bileran erabakitakoaren arabera, 2017ko EAEko Aurrekontu Proiektua prest egongo da hurrengo urteko lehen hiru hilabeteetan. Gidalerro juridiko eta ekonomikoak landuta daudela esan dute. Euskal Finantza Kontseiluak onartutako baliabideen barruan egingo dela gogoratu du Josu Erkoreka Jaurlaritzaren bozeramaileak.

Erkorekak azaldu duenez, sailburu bakoitzak  Eusko Legebiltzarrean, dagokion batzordean, lehenbailehen aurkeztu beharko ditu legealdi berrirako dituen asmo nagusiak. Hori da Urkullu lehendakariak sailburuei eman dien lehendabiziko agindua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euzko Alderdi Jeltzalea Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra albisteak PSE-EE albisteak Eguneko albisteak Eguneko albisteak