Politika -
Inbestidura saioa
Iñigo Urkullu aukeratu dute berriz lehendakari
Hautagai jeltzalea gehiengo soilez hautatu dute aldeko 37 botorekin (28, EAJrenak, eta 9, PSE-EErenak). Urkulluk "elkarrizketa eta akordioa" hitzeman ditu lehendakari aukeratu berritan.
EITB.EUS
Ezusterik ez da izan. Iñigo Urkullu aukeratu dute ostegun honetan XI. legealdiko lehendakari, Eusko Legebiltzarraren gehiengo soilaren babesarekin. Hautagai jeltzaleak 37 aldeko boto jaso ditu: alderdikideen 28ak eta sozialisten 9ak.
Inbestiduraren bigarren saio honetan boto gehien jasotzen dituen hautagaia izendatzen dute lehendakari. Urkullu gehiengo osotik boto bakarrera geratu da, sozialistekin adostutako gobernu-akordioak babesa bermatzen baitio. Maddalen Iriarte EH Bilduko hautagaiak koalizioko 18 legebiltzarkideen aldeko botoa jaso du.
Atzoko bozketan emaitza berdintsua jaso zuten bi hautagaiek, baina lehen saioan gehiengo osoa behar dute hautagaiek, eta ez Urkulluk ez Iriartek ez zuten babes nahikorik lortu.
Gaurkoan, Elkarrekin Podemos (11 eserleku) eta Euskal Talde Popularra (9 eserleku) abstenitu egin dira. Legebiltzarreko araudiak bi aukera baino ez ditu ematen: hautagai bat babestea edo abstenitzea. Eusko Legebiltzarrean, beraz, ezinezkoa da hautagai baten kontrako botoa ematea.
Elkarrizketa eta akordioa
Aukeratu berritan emandako hitzaldi laburrean, inbestiduraren lehen saioan esandakoak berretsi ditu Urkulluk: "Elkarrizketa eta akordioa ezinbestekoak dira. Denon ekarpena behar dugu dugu herri hau aurrera ateratzeko".
Urkulluren hitzetan, "ez dago ohore handiagorik lehendakari izatea baino", eta kargua "apal-apalik" hartu duela nabarmendu du, "Euskadi anitza" dela jakitun.
Lehendakariak azaldu duenez, "programa zehatz eta sendo bat dugu, eta badakigu indar guztiak behar ditugula betetzeko".
Eskerrak emanez ekin dio hitzaldiari: herri osoari, Legebiltzarrari, EAJri, PSE-EEri, Jaurlaritzari eta familiari. Amaitu, berriz, Ruper Ordorikaren kanta baten letra aipatuz egin du: "Zaindu dezagun maite dugun hori".
Karguaren zina, larunbatean
Lehendakari izendatuta, jakinarazpena bidali dio Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteak Felipe VI. a erregeari, Ganberako iturriek baieztatu dutenez.
Ostiralean Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian kaleratuko dute izendapena, eta biharamunean, karguaren zina egingo du Urkulluk Gernikako batzar-etxean.
Aurreikuspenen arabera, gaur eta bihar artean jakinaraziko ditu Jaurlaritza osatuko duten sailburuak nortzuk diren.