Politika -

EAJ - EH Bildu bilera

EAJk 'ezinezko' jo du EH Bildurekin gobernagarritasun akordioa egitea

Bi alderdien arteko hirugarren bilera amaituta, Arnaldo Otegik esan du "itunak Alderdi Sozialistarekin egitearen aldekoa" dela EAJ.

Maddalen Iriarte, Unai Urruzuno eta Arnaldo Otegi. Argazkia: EITB
Maddalen Iriarte, Unai Urruzuno eta Arnaldo Otegi. Argazkia: EITB
Otegik dio EAJk nahiago duela PSErekin egin akordioa

1:25

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk adierazi du "gaur gaurkoz ezinezkoa" dela EH Bildurekin gobernagarritasun akordioa lortzea. Horrenbestez, bi alderdiek unean uneko itunak negoziatuko dituzte.

Bi indarrak batzartu egin dira gaur Bilbon. Horren ostean, EAJk esan du koalizio abertzalearen hainbat proposamen ez direla "errealistak" eta ekonomikoki ez direla "bideragarriak".

Jeltzaleen esanetan, bi alderdiek uste dute ezinezkoa dela koalizio gobernua egitea.

Nolanahi ere, desadostasunak egiaztatu eta gero, hainbat neurri zehatz identifikatuko dituzte, unean uneko akordioak adosteko. "Fiskalitatea, enplegua, industriaren garapena, pentsioak, hezkuntza eta gizarte laguntzak" dira horren harira aipatutako gaiak.

EAJren arabera, bi alderdiek komunikazio kanalak irekita mantentzea adostu dute, "herrialde politiketan" aurrera egin eta gainerako alderdien artean "konplizitateak" lortzeko.

Era berean, "egunerokoan" hitz egiteko borondatea agertu dute.

Otegi: "EAJ itunak PSErekin egitearen aldekoa da"

Testuinguru horretan, Arnaldo Otegi EH Bilduren bozeramaileak adierazi du itunak PSE-EErekin egitearen aldekoa dela EAJ. Era berean, berretsi egin du jeltzaleek eta soberanistek “ezberdintasun nabarmenak” dituztela gai ekonomiko eta sozialetan eta, ondorioz, aitortu du zaila izango dela bi alderdiak gobernu akordio batera heltzea.

Eusko Alderdi Jeltzalea eta Euskal Herria Bildu hirugarren aldiz bildu dira gaur, Bilboko Sabin Etxean, gobernagarritasunaz eta legegintzaldi berriaz hitz egiteko eta balizko akordioetarako bideak aztertzeko.

Batzarrak ordubete eta 45 minutu inguruko iraupena izan du. EAJren ordezkaritza Koldo Mediavillak, Joseba Egibarrek, Txus Peñal eta Josu Erkorekak osatu dute; EH Bilduren izenean, berriz, Maddalen Iriarte, Unai Urruzuno, Garikoitz Mujika eta Arnaldo Otegi joan dira.

EAJk ez du bilerari buruzko balorazio publikorik egin, baina, batzarra amaituta, Arnaldo Otegik kazetariekin hitz egin du Sabin Etxearen atarian.

“Esango nuke itunak Alderdi Sozialistarekin egitearen aldekoa da EAJ, eta, gure ustez, hori ez da herri honek behar duen Gobernua”, deitoratu du.

Jeltzaleen eta sozialisten arteko balizko itunak bakegintzan eta autogobernuan izan daitezkeen akordioak baldintzatuko dituela ohartarazi du Otegik, “EAJ mugatuta egongo delako”.

Hala eta guztiz ere, EH Bilduk berriro azpimarratu du legegintzaldi honetan EAJrekin “herri akordioak” lortzeko borondatea duela.

Memoriaren Egunaren ondotik, asteburuan Iñigo Urkullu lehendakariak eta Arnaldo Otegik eztabaida izan ostean egin dute hirugarren bilera EAJk eta EH Bilduk.

Otegik esan zuen autokritika ez duela soilik ezker abertzaleak egin behar eta Ertzaintzak ere hil egin duela erantsi zuen, Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean.

Suminduta, lehendakariak Ertzaintzari eta euskal gizarteari irain egin izana leporatu zion Otegiri eta honek egiarik gabe kontakizun konpartiturik posible ez dela erantzun zion.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi berriak Berriak Politika PNV-EAJ Urkullu albisteak Eusko Jaurlaritza berriak Eusko Legebiltzarra bideoak EH Bildu Bizkaia PSE-EE berriak