Politika -
Bilera Sabin Etxean
EAJ eta EH Bildu, bakegintzan eta autogobernuan itunak lortzeko prest
Gizarte gaietan, berriz, bi alderdiek aitortu dute "ezberdintasun garrantzitsuak" dituztela. Hala ere, hitz egiten jarraituko dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EAJk eta EH Bilduk agerian utzi dute gizarte politikan “ezberdintasun garrantzitsuak” dituztela, baina bat etorri dira bakegintzari eta autogobernuari buruzko gaietan akordioak lortzeko saiakerari heltzeko.
Bi alderdiak jeltzaleen Bilboko egoitza nagusian batzartu dira, Sabin Etxean. Bilera 11:30ean hasi eta 13:15 inguruan amaitu da, eta “giro eraikitzailean, normaltasun demokratikoaren erakusgarri” burutu dela adierazi dute bi alderdiek modu bateratuan argitaratu duten agirian.
EAJren ordezkaritza Joseba Egibarrek, Koldo Mediavillak, Josu Erkorekak eta Txus Peñak osatu dute; EH Bildurena, Arnaldo Otegik, Maddalen Iriartek, Unai Urruzunok eta Garikoitz Mujikak.
Joan den irailaren 29an egin zuten lehendabiziko bilera. EAJk hamar puntutan oinarritutako proposamen bat helarazi zion orduan EH Bilduri. Dokumentua aztertuta, koalizio soberanistak gaur idatziz eman dio erantzuna. Jeltzaleek ekarpen horiek ahalik eta azkarren aztertzeko konpromisoa hartu dute.
Bi alderdiek aitortu dute politika sozialetan ezberdintasun nabarmenak dituztela, baina “elkarrizketarako eta iritziak trukatzeko atek guztiak irekita” mantentzea erabaki dute.
Bestalde, “ezinbestekotzat” jo dute bakegintzan, bizikidetzan eta autogobernuan urratsak ematea. Horrenbestez, “esparru zehatz horietan akordioak bilatzeko elkarrizketekin jarraitzea” adostu dute.