Politika -

Bake-prozesua

ETAri armagabetze prozesua hasteko eskatu dio Foro Sozialak

'Azken faseari ekiteko', helburu nagusia 'espainiar eta frantziar estatuen immobilismoari aurre egitea' izango da, eta horretarako gizarte bera protagonista izatea nahi dute.

Brian Currin Aieteko Foro Sozialean. Argazkia: EiTB
Brian Currin Aieteko Foro Sozialean. Argazkia: EiTB
Desarme prozesua hasteko eskatu dio Aieteko Foro Sozialak ETAri

1:37

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Herrian "bake-prozesua bultzatu" nahi duten erakundeak eta pertsonak biltzen dituen Foro Sozial Iraunkorrak deia egin dio ETAri, "erabateko eta behin-betiko armagabetze-prozesua" abia dezan, "euskal gizartearen" laguntzaz eta "lehenbailehen".

Foroko bozeramaileek azken hilabeteotan egindako lanaren ondorioak aurkeztu dituzte Donostian, Aiete Jauregian egindako agerraldian. EAJ, EH Bildu eta Podemos alderdietako ordezkariak izan dira bertan, baita ELA, LAB eta UGT-Euskadi sindikatuetako kideak ere.

Andoni Ortuzar EAJko presidentea Joseba Aurrekoetxea jeltzalearekin izan da. Halaber, EH Bilduko Arnaldo Otegi, Peio Urizar, Maddalen Iriarte eta Rufi Etxebarria politikariek ere parte hartu dute. Elkarrekin Podemosen ordezkari gisa, Pili Zabala joan da.

Bertan izan dira, baita ere, Harremanetarako Nazioarteko Taldeko bitartekariak; Brian Currin abokatu hegoafrikarra, Raymond Kendall Interpoleko idazkari nagusi izandakoa eta Alberto Spektorowski irakasle israeldarra.

Foroak ez die aipamenik egin ETAko presoei edota biktimei, eta hizpide izan duen gai bakarra ETAren armagabetzea egiteko dagoen beharrizana eta premia izan da. Prozesuan parte hartuko dutenentzat "segurtasun-bermeak" eskatu ditu, baita prozesu horrek "nazioarte mailako egiaztatzea" izan dezala ere.

Foro Soziala "sinesgaitz" agertu da "Espainiako eta Frantziako gobernuen jarrera oztopatzailea"ren aurrean, eta "armagabetzea modu ordenatuan egiteko prest ez" daudela leporatu die; horrez gain, "alderdiek hitz egin eta adostasunetara heltzeko duten gaitasun eza" deitoratu du.

"Blokeo anitzen errealitate horren aurrean, erabateko armagabetzean ahalik eta arinen bukatuko den azken faseari heldu behar zaio, armategiak suntsituta", adierazi du.

"Jarduera armatuari amaiera eman zionetik bost urte pasa direnean, ETAk armagabetze-prozesu bati heldu behar dio euskal gizartearekin, erakundeetako eragileekin eta eragile politiko, sindikal eta sozialekin batera. Prozesu horren emaitza bakarra izan behar da: erabateko eta behin betiko armagabetzea gauzatzea", azpimarratu du foroak.

Urtarrilaren 30ean izandako azken bileran armagabetze-prozesu bat diseinatzeko erronka bere gain hartu zuenetik, Foroa EAJ, EH Bildu, Podemos, PSE-EE, Sortu eta Ezker Anitza euskal alderdiekin bildu da, baita Geroa Bai eta PSNrekin ere Nafarroan.

Horrez gain, jakinarazi du formalki eskatu duela, epaile baten bitartez, David Pla ETAko kidearekin batu ahal izatea. Pla Parisen dago preso, eta bera izan zen ETAk jarduera-armatuari behin betiko uko egiten ziola adierazten zuen komunikatua irakurri zuen etakideetako bat. Foroak uste du bera dela "konponbiderako ETAren ordezkaria".

"Prozesu horrek nazioarte mailako egiaztapena izan behar du, eta beteko den ziurtasuna izan behar dute euskal gizarteak, bere erakundeek eta nahasita dauden Estatuek", zehaztu dute.

Foroak zuzeneko deia egin die Euskadiko eta Nafarroako legebiltzarkideei akordioak lor ditzaten ETAren amaieraren ostean landu gabe dauden gaien inguruan, 2019. urteko epemugarekin, urte horretan amaituko baita Nafarroako legegintzaldia.

Brian Currin abokatu hegoafrikarrak itxi du saioa, eta berak ere ETAren armagabetzeak duen "garrantzia eta premia" nabarmendu du, eta gaitzetsi egin du Gobernuak "bere kabuz" ETA armagabetzeko erabakia hartu duela, prozesuan parte hartu beharrean. Bere aburuz, modu horretan, "borondatez egindako armagabetze baten balioa eta sinbolismoa galduko litzateke".

Currik nabarmendu duenaren arabera, ETA ere armagabetzeari heltzeko prest dago, Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernua dauden bezala. Gainera, batak zein besteak ez dute aurreikusten hauteskunderik izatea epe motzean, eta, bere esanetan, horrek prozesuak aurrera egitea lagun dezake.

Bitartekaria "zeharo atsekabetuta eta triste" azaldu da Espainiako Gobernuak ez diolako jaramonik egiten "Euskal Herriko gizartearen borondateari", ezta ETAren azken erabakiari bide eman eta duela bost urte egin zen Aieteko Konferentziako ondorioei ere.

Aieteko ondorioak garatzeko asmoz Bake Bidea eta Lokarri taldeen ekimenez abian jarri zen Foro Sozialak aurretik hiru bilera zituen eginda, eta gaur egindako laugarrenean foru iraunkor itxura hartzea erabaki du. Foro Sozial Iraunkorra 14 pertsonaz eta 14 erakundez egongo da osatuta, eta erakunde horien artean daude, besteak beste, presoen eskubideen defentsan lan egiten duten Sare eta Etxerat kolektiboak, baita bakearen eta gatazken konponbidearen esparruan lan egiten duten erakundeak ere: Gernika Batzordea, Bake Bidean, Baketik, eta beste batzuk.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi Politika albisteak Euzko Alderdi Jeltzalea Eusko Langileen Alkartasuna Langile Abertzaleen Batzordeak Andoni Ortuzar Presoak albisteak ETA gaur EH Bildu Araba Gaurko azken orduko albistea Euskadiko Podemos-eko albisteak Bakea Euskadin Pili Zabala albisteak