Politika -
Krisia PSOE-ren baitan
Pedro Sanchezek PSOEren buruzagitzan jarraituko du, presioari eutsita
Alderdi Sozialistaren Batzorde Federaleko 35 kideetako 17k dimisioa eman dute, Pedro Sanchez kargua uztera behartzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Pedro Sanchezek Alderdi Sozialistako kritikoen presioari eustea erabaki du, eta PSOE zuzentzen jarraituko du, arratsalde honetan Batzorde Federaleko 35 kideetako 17k dimisioa eman duten arren. Sanchezek kargua utzi eta ezohiko kongresu bat deitu behar izatea eragin nahi zuten.
Dimisioen berri izan ostean, Cesar Luena PSOEren Antolakuntza idazkariak agerraldia egin du, Alderdi Sozialistako buruzagia Sanchez dela berresteko.
“Militanteei beldurra dieten horiek edo militanteek hitz egiterik nahi ez duten horiek zuzendu dezakete Alderdi Sozialista? PSOEn ezinbestekoa da militanteen babesa izatea alderdia zuzentzeko. Horretarako ez dago bidezidorrik, ez dago azpijokorik, ezta kolperik ere”, azpimarratu du.
Luenaren esanetan, zuzendaritzako 17 kideen dimisioak ezohiko kongresu batean argitu behar dira, afiliatuek euren iritzia emateko aukera izan dezaten.
“Alderdi Sozialista ordezkatu ahal izateko, ezinbestekoa da militanteei entzutea eta haien babesa lortzea. Ez du balio militanteengandik ezkutatzea botorik eman ez dezaten”, ohartarazi du.
PSOEren zuzendaritza, dimisioa eman duten kideak salbu, ostegun honetan bilduko dira, eta Batzorde Federala deituko dute. Batzorde Federalak antolatuko du zuzendaritza berria aukeratu beharko duen ezohiko kongresua.
“Pedro Sanchezek zuzentzen duen PSOEren Zuzendaritza Federalak alderdiaren araudia eta estatuak beteko ditu, hau da, ezohiko kongresua deituko duen Batzorde Federala antolatuko du, garrantzitsuena bermatzeko: militante sozialistei ahotsa eta botoa ematea”, erantsi du.
Dimisioen ondorioz zuzendaritzan egon daitekeen hutsuneaz galdetuta, Luenak esan du Pedro Sanchezek jarraitzen duela agintean: “PSOEren buruzagia idazkari nagusia da, eta PSOEren militanteek Pedro Sanchez hautatu zuten idazkari nagusi”.