Politika -

EAE-ko hauteskundeak

Noiz jakingo da Otegi hautagaia izango den ala ez hauteskundeetan?

Baliteke azken erabakia irailaren 7an jakitera ematea; hauteskunde-kanpaina 9an hasiko da. Hauek dira data nagusiak.

Arnaldo Otegi. Argazkia: EiTB.
Arnaldo Otegi. Argazkia: EiTB.
Arnaldo Otegi. Argazkia: EiTB.

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduk Arnaldo Otegi hautatu du irailaren 25ean egingo diren hauteskunde autonomikoetan lehendakarigai izateko, baina baliteke irailaren 7ra arte ez jakitea koalizioak Gipuzkoako zerrendaburu eta Lehendakaritzarako hautagaia aurkezterik izango duen. Beraz, baliteke hauteskunde-kanpaina hasteko zenbait orduren faltan kaleratzea azken epaia; izan ere, kanpaina irailaren 9an hasiko da.

Zergatik dago zalantza hori? Hain zuzen, 2011n Otegik jaso zuen epaiagatik. Epai horrek dio gaitasungabetuta egongo dela 2021era arte. Zenbait organok zehaztu beharko dute epaiak hauteskundeetan aurkezteko aukera ematen dion (hala diote Otegik berak eta EH Bilduk), ala, aldiz, kontrakoa agintzen duen (Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak eta alderdi batzuek hori bera uste dute).

Hauek dira data gakoak, Otegi hautagaia izango den ala ez jakin arte:

-Abuztuaren 22ra arte (astelehena): alderdiek hauteskundeetarako hautagaitzak erregistratuko dituzte (EH Bilduk abuztuaren 17an formalizatu ditu zerrendak).

-Abuztuak 23 (asteartea): Gipuzkoako Hauteskunde Batzordea bilduko da, Auzitegi Nazionalak Otegiren gainean bidalitako dokumentazioa aztertzeko. Bertan, Otegiri buruzko epaia dago. Batzordeak baieztatu beharko du Otegiren aurkako inhabilitazio epai irmorik dagoen. Hala balitz, ezinezkoa litzateke hautagai izatea.

-Abuztuak 29 (astelehena): Gipuzkoako Hauteskunde Batzordeak behin betiko hautagaitzak aldarrikatuko ditu; hau da, jakitera emango du zer erabaki duen Otegiren gainean, aurkeztu ahal den ala ez.

-Abuztuak 30 eta 31 (astearte eta asteazkena): bi egun horietan, helegitea aurkeztu ahal da Hauteskunde Batzordearen erabakiaren aurka. Otegi hautagai aldarrikatzen badute, Fiskaltzak edo gainerako alderdiek helegitea jartzeko aukera izango dute; PPk, Ciudadanosek eta UPyDk dagoeneko esan dute aurkeztu egingo dutela, Otegi hautagai aldarrikatuz gero. Batzordeak Otegi ezin dela aurkeztu ebatziko balu, berriz, Iñigo Iruin Otegiren abokatuak aurkeztuko luke helegitea.

-Irailak 1 eta 2 (ostegun eta ostirala): Donostiako Auzitegiak bi egun hauek ditu balizko helegiteen gainean erabakia hartzeko (batetik, Fiskaltzak edo alderdi batek eta, bestetik, Otegiren abokatuak aurkez dezakete).

-Irailak 3 eta 4 (larunbat eta igandea): Auzitegi Konstituzionalaren aurrean epai horren aurkako helegitea aurkezteko aukera izango da bi egun horietan.

-Irailak 5, 6 eta 7 (astelehen, astearte eta asteazkena): Otegiren hautagaitzaren gaineko behin betiko epaia emango dute jakitera. Auzitegi Konstituzionalak irailaren 7ko 23:59ra arte du erabakiaren berri emateko.

-Irailak 9 (ostirala): hauteskunde-kanpaina hasiko da.

-Irailak 25 (igandea): EAEko hauteskundeak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Otegi albisteak Politika Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Hauteskundeak Euskadin Alderdi politikoak EH Bildu Gipuzkoa Gaurko azken ordukoa