Politika -
Ustezko prebarikazioagatik
Baltasar Garzon aldi baterako kargutik kentzea erabaki du CGPJk
Hagako Auzitegira aholkulari joateko baimena atzeratzeko erabakia hartu du Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak.
Erredakzioa
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak aho batez erabaki du Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epailea behin-behinean kargutik kentzea, frankismoko krimenak ikertzeko eskumena ez zuela argudiatuta eta auzi horretan ahozko epaiketa ireki diotelako.
Botere Judizialaren Lege Organikoko 383. artikulua hartu dute aintzat erabaki hori hartzeko. Arau horren arabera, bere jardunean ustezko delituak egin dituen epaile edo magistratu batek ezin du bere karguan jarraitu.
Gauzak horrela, Auzitegi Nazionaleko epaileak "berehala" utzi beharko du kargua, prebarikazioa leporatuta Auzitegi Gorenean irekita dituen hiru auziak argitu bitartean.
Memoria Historikoaren lotutako auziaz gain, hauek dira beste bi auziak: New Yorkeko Unibertsitatean ikastaro batzuk emateagatik jaso zuen diruagatik eta 'Gurtel' auziko inputatu nagusiek kartzelan izan zituzten komunikazioak interbenitzea agintzeagatik.
Hagara joateko eskaeri buruzko erabakia, atzeratua
Bestalde, Baltasar Garzonek Nazioarteko Zigor Auzitegira, Hagara, zazpi hilabetez lekualdatzeko egin zuen eskaera atzeratzea erabaki du Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak. Eskakizun hori onartuta, Garzon orain ez lukete kargutik kendu beharko.
Baina Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak gaiari buruzko txosten gehiago eskatu nahi ditu, besteak beste, Auzitegi Goreneko zigor-arloko salari.
Garzonen abokatuak epaiketa bertan behera uztea eskatu du
Bestalde, Baltasar Garzon epailearen abokatuak, Gonzalo Martinez-Fresnedak, idatzi bat aurkeztu du Auzitegi Gorenean Garzonen aurkako ahozko epaiketa baliorik gabe uztea eskatzeko.
Idatzi horren arabera, Garzonen aurkako epaiketa hasteko autoa ez da zuzenena, izan ere, fiskalak edo akusazio partikularrak eskatzen dutenean bakarrik hasi daitezke ahozko epaiketak.
Abokatuak argudiatu duenez, epaiketa hastea Manos Limpias sindikatu ultraeskuindarrak eta Libertad e Identidad elkarteak eskatu dute, herri-akusazioek, hain zuzen ere. Gainera, Luciano Varela instrukzio epaileak "bideratuta" egin dutela kritikatu du.
Informazio gehiago, laster.