Politika -
EAE-ko hauteskundeak
EH Bilduk Otegi aukeratu du lehendakarigai izateko
Koalizioaren oinarriek Sorturen buruzagia berretsi dute udazkeneko bozetan hautagai izan dadin, gaitasungabetzeak kasu horretan ez duela eraginik izango iritzita.
agentziak | erredakzioa
EH Bilduren oinarriek Arnaldo Otegi aukeratu dute lehendakarigai izateko datozen udazkenean egingo diren EAEko hauteskundeetan.
EH Bilduk prentsa-ohar batean jakitera eman duenez, EAEko hiru lurraldeetako hainbat herritan egindako batzarrek emaitza hori eman dute, eta Otegi lehendakarigai izateko proposamena berretsi dute.
Sortuko idazkari nagusia kargu publikoa izateko gaitasungabetu zuten 2021era arte, baina ezker abertzaleak askotan esan du ezin dela agindu hori ezarri, Bateragune auziko ebazpenean ez delako zehazten gaitasungabetzeak zein kargu zehatzi eragiten dion.
EH Bildu jurisprudentzian oinarritzen da gaitasungabetzeak Otegiri ez diola eragingo pentsatzeko.
Otegik bihar egingo du lehenengo agerraldia lehendakarigai gisa, Bilboko Euskalduna Jauregian, "Hobetzeko entzuten" biraren bigarren ekitaldian, eta herritarren galderei erantzungo die.
Aurreko larunbatean hasi zen bira hori Iruñeko Labrit pilotalekuan, eta ostiralean Gipuzkoara iritsiko da.