Politika -
Hauteskundeak
Podemos ez da EH Bildurekin batera aurkeztuko EAEn eta Nafarroan
Adolfo Araiz EH Bildu alderdiak Nafarroako Parlamentuan duen bozeramailearen esanetan, Pablo Iglesiasen hitzek "erabat desautorizatzen dute Nafarroako Podemosen egitura".
Agentziak | Erredakzioa
Pablo Iglesias Podemos alderdiko idazkari nagusiak baztertu egin du gaur hauteskunde orokorretan Nafarroan eta EAEko hauteskunde autonomikoetan EH Bildurekin batera koalizioan aurkeztea, "desberdintasun politiko ugari" dituzten organizazioak baitira.
"Ezinezkoa da hori gertatzea", adierazi du Iglesiasek elkarrizketa batean, zeren "hasteko haiek independentistak dira eta gu ez".
Esan duenez, ez du "koaliziozko agertokirik" ikusten Euskadiko Autonomia Erkidegoko hauteskundeetan, ezta Nafarroan ere, hauteskunde orokorrei begira, "ez da horrelakorik gertatuko", gaineratu du.
Zehaztu duenez, Uxue Barkos presidenteari babesa ematen ari zaio Podemos Foru Gobernuan, eta haren gobernua "eredugarria" dela gaineratu du Iglesiasek.
"Nafarroako presidente onena izaten ari da, UPN eta Barcina andrearen gobernuek egindakoa ikusi ostean", baieztatu du.
Alderdi politiko desberdinen artean elkar-ulertzea egon daitekeela nabarmendu du, eta PSOEk eta ezker abertzaleak zenbait euskal udalerritan izan dituzten akordioak aipatu ditu adibide gisa.
Europako Parlamentuan Arnaldo Otegik egin zuen agerraldiari buruz galdetu diote, eta horren harira esan du Podemosek ez zuela hura gonbidatu, eta barkamena era argiagoan eta irmoagoan eskatu beharko luketela azaldu du; hala ere, “osasuntsua” iritzi dio Euskal Herrian alderdi politiko guztiek beren ideiak defendatu ahal izatea indarkeriarik egon gabe.
Adolfo Araiz: "Nafarroako Podemos erabat desautorizatu dute"
Adolfo Araiz EH Bildu alderdiak Nafarroako Parlamentuan duen bozeramailearen esanetan, Pablo Iglesiasen hitzek "erabat desautorizatzen dute Nafarroako Podemosen egitura".
Foru parlamentuan kazetariei egin dien adierazpenetan, Araizek esan du ez diela harritzen jarrera horrek; izan ere, "aurretik ere gertatu izan da Madrilen hartu izana Nafarroari dagozkion erabakiak".
Edonola ere, baieztatu duenez, "adeitasunagatik" itxaron egingo diote Podemos Nafarroako biltzarrean ostiral honetan erabakitzen denari, biltzar horretan erabakitzekoak baitira Geroa Baik eta EH Bilduk hauteskundeetara elkarrekin batera aurkezteko eskaini dioten aurreakordioa.