Politika -
Estatus politiko berria
EH Bildu ez da joango autogobernuaren inguruan EAJk deitutako bilerara
Arraizen hitzetan, jeltzaleek antolatutako bilera sortak "antzerki-politika" kutsua du. "Hau ez da akordioa bilatzeko modua", salatu du.
Agentziak | Erredakzioa
Hasier Arraiz Sortuko presidente eta EH Bilduko legebiltzarkideak iragarri duenez, koalizioa ez da joango EAJk autogobernuaren inguruan deitutako bilerara. Arraizen hitzetan, jeltzaleek deitutako aldebiko bilera sortak "antzerki politika" kutsua du.
Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak atzo egin zuen iragarpena. Estatus berriaren oinarriak jartzeko asmoarekin, Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten lau alderdiei ostiralerako egin zien gonbita. Autogobernuaren Lantaldea apirilean bildu zen azkenekoz, eta ez da batzar gehiago aurreikusten. Auzi honetan ez atzera ez aurrera daudela ikusita, aldebiko bilerak deitu zituen atzo EAJk, gainerako alderdiekin ahalik eta akordio zabalena lortzeko "zirriborro" bat aurkezteko asmoarekin.
Onda Vasca irrati katean egindako elkarrizketa batean erantzun dio proposamenari Arraizek. Esan duenez, Ortuzarren ekimena ez zaie "batere" gustatu. "Atzo bertan enteratu nintzen, eskutitza nire izenean etorri zelako, besteak beste. Baina Radio Euskadin entzun nuen aldi berean, eta ez zitzaidan batera gustatu, hasieratik", erantsi du.
Haren iritzian, mota honetako bilerek "antzerki-politika edo Gortearen politika kutsua dute. Azken lau hilabeteotan halako asko egin dira Madrilen: "Mahai baten bueltan jesarriko gara, akordiorako inongo asmorik gabe; plantak egiteko baino ez".
Hala, bilerarekin kritiko agertu da Arraiz, "hau ez da gauzak egiteko modua", esan du. Salatu duenez, "ostiralerako, bata bestearen ondoren, bilerak deituta, EAJk esan ahalko du eginahalak egin dituela akordioa bilatzeko".
"Akordioa nahi bada, nik hemen dut telefonoa, Andoni Ortuzarrek deitu ahal dit. Baina horrela ezin gara bildu; benetako herri akordio bat nahi badugu, bidaia orria eta erabakitzeko eskubidearen inguruko estrategia ezarriko duen ituna helburu badugu, posible da, baina borondate politikoa behar da", argudiatu du EH Bilduko bozeramaileak.
Arraizek gogorarazi duenez, gainera, ostiralean "ordu horretan" Confebaskekin dute bilera. "Beraz, ezin gara EAJren batzarrean egon", esan du.