Politika -

Gernikako bonbardaketa

Bonbardaketako biktimak gogoratu dituzte Gernikan, 79. urteurrenean

Jose Mujicak eta Francisco Etxeberriak jaso dute aurten Gernikako Bakearen eta Berradiskidetzearen aldeko Saria. Halaber, biktimak oroitzeko hainbat ekitaldi izan dira egunean zehar.

Francisco Etxeberriak jaso dute aurten Gernikako Bakearen eta Berradiskidetzearen aldeko Saria
Francisco Etxeberriak jaso dute aurten Gernikako Bakearen eta Berradiskidetzearen aldeko Saria. EiTB
'Markak' dokumentala, Gernikako bonbardaketak utzi zituen aztarnak

2:09

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaurko egunez duela 79 urteko bonbardaketan hildakoak gogoratu dituzte gaur Gernikan, eta Bakearen eta Berradiskidetzearen aldeko Saria jaso dute Jose Mujica Uruguaiko presidente ohiak eta Francisco Etxeberria forentseak.

1937ko apirilaren 26an Alemaniako Condor legioak eta Italiako aire armadak Gernika bonbardatu zuten, Francoren aginduz. Zibilen aurkako erasoak hainbat hildako eta zauritu eragin zituen, oraindik ere kopuru zehatza zehaztu gabe badago ere -Gernikazarra historia taldeak egindako ikerketaren arabera 200 inguru dira-. Gainera, Gernika erabat suntsituta gelditu zen.

Gernikako Udalak antolatutako ekitaldien baitan, bonbardaketaren unean Gernikako alkate zen Jose Labauria omendu dute eguna hasteko.

Aitorpen horren ondotik, udal agintariek George Steer kazetari britainiarrari omenaldia egin diote; izan ere, aipaturiko kazetariak idatzitako kronikei esker Gernikako bonbardaketak eragindako heriotzak eta kalteak mundu osoan ezagunak egin ziren. Halaber, lan horretan ere bere alea jarri zuen Pablo Picasso margolariak "Guernica" koadroarekin.

Omenaldi ekitaldi horren baitan, Gernikako Bakearen eta Berradiskidetzearen aldeko XII. Sariak banatu dira. Aurten Jose Mujica eta Francisco Etxeberria saritu dituzte, baina Uruguaiko presidente ohia ez da sari banaketa ekitaldian izan osasun arazoak tarteko.

Francisco Etxeberria antropologoak, Gerra Zibilean hildako herritarren gorpuzkiak berreskuratzeko egindako lanagatik nabarmendu da bera, bere taldeari dedikatu dio saria.

Jose Maria Gorroño Gernikako alkateak gerratik ihesi etorkizun hobeago baten bila Europar Batasunera doazen errefuxiatuei bizkarra ez emateko dei egin dien Europako agintariei. Halaber, alkatearen ekimenez, minutu bateko isilunea gorde dute errefuxiatu siriarren alde sari banaketa ekitaldiaren baitan.

Arratsaldean, etsaiaren hegazkinak zetozela zibilei ohartarazteko erabiltzen zen sirena jo dute eta hilerrian, ostera, errespontsu bat errezatu eta lore eskaintza bat egin dute Gernikako bonbardaketan hildakoen omenez.

Gernikako hilerrian egin den ekitaldian izan dira, besteak beste, Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Justizia sailburua, Monika Hernando Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria eta Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendaria.

Iluntzean bonbardaketa gogoratzek antzerkia egin dute eta herritarrek manifestazio isila egin dute udalerriko kaleetan barrena, kandelak piztuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gernikako bonbardaketa Gernika-Lumo bideoak Eguneko albisteak Frankismoari buruzko albisteak Memoria Historikoa