Politika -

LANBIDE

Blascoren dimisioa eskatu dute, Lanbideri buruz esandakoengatik

Lanbideren eraginkortasuna ezbaian utzi zuen atzo Enplegu saiburuordeak.  Esan zuenez, bere semeei ez omen zaie burutik pasa ere egiten lana aurkitzeko Lanbidera jotzea.

Lanbideren erabilgarritasuna zalantzan jarri du Enplegu sailburuordeak

0:16

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hautsak harrotu ditu Jose Andres Blasco Enplegu sailburuordeak Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuari buruz atzo esandakoak. Bere semeei lana bilatzeko Lanbidera jotzea burutik pasa ere ez zaiela egiten esan zuen, "hor ez delako ezer topatzen".

Hitzon aurrean, sailburuordearen dimisioa eskatu dute EH Bilduk eta PSEk. PPk eta UPyDk, berriz, Iñigo Urkullu lehendakariaren agerraldia eskatu dute, Lanbideren inguruko azalpenak emateko. Goizean, Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan, Blascok esan du bere asmoa ez zela Lanbideren eraginkortasuna zalantzan jartzea, eta, zailtasunak zailtasun, zerbitzu hori egiten ari den lana txalotu du.

Eusko Legebiltzarreko oposizioari baina, ez zaio nahikoa iruditu Blascoren zuzenketa, eta sailburuordearen dimisioa eskatu dute EH Bilduk eta PSEk.

Ezker abertzaleko koalizioaren izenean, Belen Arrondo legebiltzarkidea agertu da hedabideen aurrean. Blasco berehala kargutik kentzeko eskatu du, "onartezina" delako, EH Bildurentzat,  Enplegu sailburuak Lanbidek ez duela lana topatzeko balio esatea.

Ildo beretik mintzatu da Jon Azkue legebiltzarkide sozialista ere. Horren arabera, Blascok "etxean" geratu beharko luke, bere departamenduak bultzatzen dituen zerbitzuetan "sinesten" ez badu. Kargua utziko ez balu, lehendakariak bota beharko lukeela Eusko Jaurlaritzatik uste dute sozialistek.

Alderdi Popularrak, bere aldetik, Lanbideren eredua goitik behera aldatzeko exijitu dio Eusko Jaurlaritzari. Laura Garrido popularraren hitzetan, "Lanbideren porrota" berretsi baino ez du egin Blascok. EAEk enplegu politiken eskumena duela kontuan hartuta, enplegu zerbitzuaren kudeaketa "eskasa" oso esanguratsua dela esan du.

Agiri baten bidez, Gorka Maneiro UPyDko kidea lehendakariari zuzendu zaio, Enplegu saileko arduradunenganako konfiantzari, oraindik, eusten dion galdetzeko, arduradun horiek euren zerbitzuetan sinesten ez dutenean.

"Adierazpenak ez ziren egokiak izan"

Angel Toña Enplegu sailburuak onartu du Blascoren hitzak ez zirela egokiak izan,  baina bere hitzetan, sailburuordearen asmoa Lanbidek hobetze bidean dituen erronkak azpimarratzea zen.

Dena dela, hanka sartzeko eskubidea edonork duela esan du. "Guztiok dugu hanka sartzeko eta hanka-sartze horiek zuzentzeko eskubidea", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lanbide berriak EH Bildu Gipuzkoa Euskal sozialistak Eguneko albisteak Albisteak