Politika -
Eusko Legebiltzarra
Legebiltzarra paradisu fiskalen aurkako neurriak zorroztearen alde
Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiak bat datoz Panamako paperetan argitara atera diren antzeko jarduerak ekidin egin behar direla.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Legebiltzarrak foru aldundiei eskatu die zergak Euskadin ordaintzen dituzten enpresek edo zergadunek paradisu fiskaletara jotzea galaraziko duten mekanismoak "sendo" ditzatela. Aho batez onartu dute proposamena, Panamako paperen auzia protagonista izan den eztabaidan.
Aipatutako ekimena ostegun honetan adostu dute Eusko Legebiltzarraren osoko bilkuran, EH Bilduren proposamenaren oinarrian. Azkenik, aipatu alderdiak, EAJ eta PSE-EErekin batera, zuzenketa bat adostu du, eta zuzenketa hori PP eta UPyD alderdiek ere babestu dute.
Gauzak horrela, Legebiltzarrak Iruzur Fiskalaren kontra Borrokatzeko Batzordeari eskatu dio zerrenda bat egin eta argitara dezala bere egoitza fiskala edo negozio unitatea Euskadin izan arren, paradisu fiskaletan (hau da, arau fiskal ilunak eta zerga baxuak dituzten herrialdeetan) operatzen duten enpresekin zein pertsona fisikoekin.
Izan ere, enpresa edota pertsona horien gainean kontrol-lana egin dezatela eskatu die Legebiltzarrak euskal erakundeei, eta zergak euskal Ogasunetan ordaintzen dituztela berma dezatela ere.
"Iruzurra"
Ganberaren ebazpenak euskal zerga-sisteman eskudunak diren administrazioei (Batzar Nagusiak eta Foru Aldundiak) "existitzen diren mekanismoak sendotzeko" dei egin die. Horren helburua zera da: euskal enpresek, zerga gutxiago ordaintzeko xedearekin, paradisu fiskaletan errotuta dauden filialetara jo dezatela saihestea.
Legebiltzarrak salatu duenez, jardunbide horiek "iruzurrezkoak" dira, eta bizikidetzaren "oinarrizko printzipioak" urratzen dituzte.