Politika -

Errefuxiatuen deportazioak

Espainia 'arduraz' jokatzen ari da errefuxiatuekin, Rajoyren arabera

Gobernuko jarduneko presidenteak Kongresuan azaldu duenez, Espainiak deportazio kolektiboak debekatzea eskatu zion Europar Batasunari.

Mariano Rajoy, Kongresuko agerraldian. EFE.
Mariano Rajoy, Kongresuko agerraldian. EFE.
Rajoy Kongresuan, Turkia eta Europar Batasunaren akordioa azaltzeko

1:19

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy Gobernuko jarduneko presidenteak gaur Kongresuan azaldu duenez, "Espainia arduraz eta elkartasunez" jokatzen ari da Europara datozen errefuxiatuen krisiaren harira, eta EBren eta Turkiaren arteko akordioak errefuxiatuen deportazio kolektiboen debekua jasotzea lortu zuela gaineratu du.

Mariano Rajoy Kongresuan izan da gaur agerraldia egiten, lehen aldiz, legealdia bukatu zenetik, Europako Kontseiluan eta Turkiako Goi-bileran martxoaren erdialdean hartutako akordioen inguruan informatzeko. Rajoyren hitzetan, Turkiarekin sinatutako akordioaren idazketan "Espainiak argi utzi zuen ezin zuela legeak (Europar legeria zein nazioartekoa) erabat errespetatzen ez zituen irtenbideak onartu".

Ondorioz, akordio horretan Espainiak EBri bi kontu barneratzeko eskatu zizkiola aitortu du. Alde batetik, "deportazio kolektiboen debeku zehatza, eta asilo babesaren txostenen banan-banako tramitazioa". Espainiako Gobernuak martxoaren 16an talde parlamentario guztiek onartutako erakunde-adierazpenaren edukiarekin bat egin duela esan du Rajoyek. Izan ere, Europar Batasunaren eta Turkiaren arteko deklarazioan honako berme hauek barneratzea lortu duela azaldu du: "Europako eta nazioarteko legediaren begirune zehatza eta edozein kaleratze kolektiboren debekua, banan-banako asilo babesen txostenen kudeaketa eta biztanleria ahulenari arreta berezia eskaintzea".

Aipatutako akordioarekin "Europar Batasunean sartzeko legezko eta kalterik gabeko bidea bermatzen da, pertsonen segurtasuna zainduz", gaineratu du jarduneko Espainiako presidenteak. Ildo horretan, “Espainiako Gobernuaren jokabidearen helburua bizitzak salbatzea, babesa behar dutenei laguntza ematea, kanpo-mugak egoki babestea eta pertsonei beste modutatako aukera ematen dien immigrazio bide legalak eskaintzea” izan dela esan du.

Bestalde, Rajoyk azaldu du Gobernuak "errefuxiatuei laguntzeko neurri bereziak" hartu eta "nazioarteko babesaren harira diru-laguntzak handitu" dituztela azpimarratu du. "Aurrekontuen gehitze esfortzu berezi" horrekin Gobernuak "Espainiako mugetara heltzen diren errefuxiatuei laguntzea eta Europar Batasunak ezarritako kokaleku berrien kopuruarekin bat egitea" espero du.

Erreakzioak

Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak "lotsagarritzat" jo du Mariano Rajoyren Gobernuak errefuxiatuen politikaren harira hartutako jarraibidea. Ildo horretan, Kongresuan alderdi ezberdinek adostutako akordioa “alde batera utzi” izana gaitzetsi du.

Bestalde, Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiak "subiranotasunari errespetua galdu izana" egotzi dio Rajoyri. Albert Riveraren ustez, Europa atzera egiten ari da migrazio kontuetan, eta Turkiarekin sinatutako akordio horren ostean, Europak ezinezkoa du bermatzea giza eskubideak betetzen direla.

Europar Batasunak errefuxiatuen auzia Turkiaren esku utzi izana kritikatu du Aitor Estebanek (EAJ). Izan ere, “trukada” horren ondorioz, "Europako balioak ahaztu eta nazioarteko legea baztertu" egiten dela eta horrek "arazoak" ekarriko dituela uste du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika albisteak EB Rajoy Espainiako Gobernua argazkiak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Siriar errefuxiatuak Europan albisteak Zer ari da gertatzen Sirian?