Politika -

Podemos

Nagua Alba hautatu dute EAEko Ahal Duguko idazkari nagusi

Kaliangora hautagaitzak hautaketa prozesuaren gardentasun eza kritikatu du eta kanpo-ikuskaritza batek emaitzak egiaztatzea eskatu du.

Nagua Alba EAEko Ahal Duguko idazkari nagusia. EiTB
Nagua Alba EAEko Ahal Duguko idazkari nagusia. EiTB
Nagua Alba, EAEko Ahal Duguko idazkari nagusia

1:26

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nagua Alba gipuzkoar diputatuak irabazi ditu EAEko Ahal Duguko barne hauteskundeak, eta alderdiaren idazkari nagusia izango da.

Alba estatu mailako zuzendaritzak babestutako zerrendaren burua zen. Horretan, Eduardo Maura bizkaitar diputatua, Lander Martinez Bilboko idazkari nagusia eta Guillermo Errejon, Iñigo Errejonen anaia, ere badaude.

Roberto Uriarteren lekukoa hartuko duen pertsonaren izena Madrilen iragarri du Sergio Pascual Podemoseko Antolakuntza idazkariak.

EAEn, 3.203 pertsonak bozkatu dute, eta Nagua Albak 1.076 boto (% 36,67) jaso ditu. Hurrenak Pilar Garrido Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburu ohia (943 boto; % 32,21) eta Neskutz Rodriguez Bizkaiko Batzar Nagusietako bozeramailea (707 boto; % 24,1) izan dira.

EAEko Ahal Duguko idazkari nagusi berriak 25 urte ditu, eta Podemosen Herritar Kontseiluko Lurralde Sareen koordinatzailea da.

Kaliangorak kanpo-ikuskaritza bat eskatu du

Arratsaldean, emaitzak publiko egin aurretik, Pilar Garrido buru duen Kaliangora hautagaitzak kezka agertu du Ahal Duguren primarioetako emaitzak hasiera batean aurreikusitako epea (martxoaren 8an) baino egun bat lehenago ezagutarazi dituztelako.

Agiri batean, gogora ekarri dute kanpainan ohartarazi zutela Internet bidez bozkatu ahal izateak prozesuaren gardentasuna zalantzan jartzen zuela. Gainera, Podemoseko idazkaritza nagusiak hautesleen eta ikuskatzaileen erroldak emateari uko egin izana kritikatu dute.

“Emaitzak 24 ordu lehenago publiko egiteak gure kezka areagotu du. Emaitza edozein dela ere, kanpo-ikuskaritza batek hautaketa prozesua eta emaitzak egiaztatzea eskatzen dugu”, adierazi du Kaliangorak oharrean.

Hautagaitza horrek erantsi du “gardentasuna” izan behar dela Ahal Duguren printzipio nagusia, bere oinarrietan konfiantza sendotzeko eta sinesgarritasuna indartzeko, “horixe baita instituzioei eta gainerako alderdiei exijitzen dieguna”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAE Eguneko albisteak Podemos albisteak Euskadiko Podemos-eko albisteak Nagua Alba Podemos