Politika -
Cabacas
'Iñigo Gogoan'ek salatu du ezin dela auzia epaiketarik gabe itxi
"Iñigoren auzia horrenbeste luzatu ostean", ea azkenean ezer ez zela gertatu eta errudunik ez dagoela esan behar duten galdetu du herritar plataformak.
agentziak | erredakzioa
'Iñigo Gogoan' herritarren plataformak antolatuta, elkarretaratzea egin dute gaur Bilboko Epaitegien aurrean. Lau urteko instrukzioaren ostean, "jende askok" ez luke onartuko Iñigo Cabacasen auzia epaiketarik gabe amaitzea, bertan salatu dutenez.
Horien arabera, epaiketarik gabe amaitzea ulertuko ez luketen lehenak "Manu eta Fina" gurasoak izango lirateke. Elkarretaratzean izan dira gaur, Bilboko Epaitegien parean, aditu batzuek bideoaren azterketari buruz bideokonferentziaz deklaratzen zuten bitartean.
David Gonzalez plataformaren bozeramaileak esan du ez dutela esperantza handirik aditu horiengan. Ekainean amaituko da instrukzioa, eta azken izapideetako bat da hori.
Apirilean, seigarren ertzainak deklaratuko du, Ana Torresek ikertuen artean sartu zuena, aurretik inputatutako beste bost ertzainekin batera.
Instrukzioa "gomazko pilota jaurti zuena identifikatzera mugatu dute", Gonzalezen esanetan, baina "dispositiboa antolatu zutenak, tiro egitea agindu zutenak eta gogor jotzeko agindua eman zutenak" ere badaude, eta horiek ere epaitu beharko lirateke, horren iritzian.
"Iñigoren auzia horrenbeste luzatu ostean", ea azkenean ezer ez zela gertatu eta errudunik ez dagoela esan behar duten galdetu du 'Iñigo Gogoan' plataformak.
Horren harira, errudunen artean "ez dira egongo agintari polizialak eta arduradun politikoak", horien ustez.
Gonzalezek azpimarratu duenez, 'Ugarteko' berriro egongo da epaitegian, "salaketa jarri baitu familiaren abokatuaren eta komunikabide baten kontra (Gara eta Jone Goirizelaia), guztiarekin kargatzeko horren agindua jaso zuen grabazioa zabaldu izanak eragindako kalte moralak direla eta".