Politika -

Legebiltzarra

PSE-EEk EAJrekin egin nahi du autogobernurako akordioa

Estatutu berriaren hitzaurrean euskal herritarren "nortasun aniztasuna" eta "berezitasunak" aitortzea proposatu du.

Isabel Celaa PSE-EEren legebiltzarkidea. Argazkia: EiTB
Isabel Celaa PSE-EEren legebiltzarkidea.
Isabel Celaa PSE-EEren legebiltzarkidea. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Isabel Celaa PSE-EEren legebiltzarkideak esan du EAJrekin akordioak lortzeko borondatea duela Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldean; izan ere, baztertu egin du EH Bildurekin itunen bat lortzea, eremu juridiko desberdinak aldarrikatzen dituztelako.

Sozialistek Gernikako Estatutua berritzeko egin dituzten proposamenak aztertu dituzte gaur lantaldean. Besteak beste, PSE-EEk Estatutuan hitzaurre bat sartzea proposatu du, euskal herritarren "nortasun aniztasuna" eta "berezitasunak" aitortzeko, tartean eskubide historikoak, Kontzertu Ekonomikoa, euskara eta foru zuzenbide zibila.

PSE-EEk "nazio" hitzaren erabilera onartuko luke, "ustezko subiranotasun berezi batean oinarritzen ez bada" eta "Estatu bihurtzeko eskubide politikoa" ematen ez badu.

Gaurko bileraren ostean, Celaak azpimarratu du bere alderdiaren borondatea EAJrekin akordioetara iristea dela, Autonomia Estatuaren erreforma gauzatzeko helburuarekin.

EH Bilduren proposamenen harira, Celaak ukatu egin du adostasunera iristeko aukera dutenik, antolakuntza juridiko desberdinak nahi dituztelako.

"PSE-EEk eta EH Bilduk liga desberdinetan jokatzen dugu. Ez da borondate politiko kontua", azpimarratu du legebiltzarkide sozialistak.

Celaak esan du sozialistek "egungo legediaren mugen barruan Estatutu berria" lortzeko lan egiteko prest daudela, "jendearen bizimodua hobetzeko, baina ez obsesio nazionalisten mesedetan".

Pello Urizar EH Bilduren legebiltzarkideak errefusatu egin ditu sozialisten proposamenak, "kontraesanez beteak" daudelakoan, eta "sinesgarritasunik ez" edukitzea leporatu dio PSE-EEri.

Horren harira, Urizarrek salatu du "teorian" sozialistentzat autogobernua "ongizatearen sinonimo" dela, baina "benetan nahi dutena da ongizate hori lortzeko erabaki guztiak Madrilen hartzea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euzko Alderdi Jeltzalea Eusko Legebiltzarra bideoak EAE EH Bildu Bizkaia PSE-EE Albisteak