Politika -

Eusko Legebiltzarra

Alderdien proposamenak aztergai, Autogobernu Lantaldean

PSE, EH Bildu eta EAJ agertu dira egungo marko juridikoa aldatzeko prest. PPk ez du beharrik ikusten, eta UPyDk erkidego guztietan autonomia maila bera nahi du.

EUSKADI IRRATIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJ, EH Bildu, PSE, PP eta UPyD alderdien bost proposamenak mahai gainean, eztabaidarako eguna dute gaurkoa Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldean. Aurreneko hiruren ustez, bada garaia gaur egungo marko juridikoa aldatzeko, eta adostasun batera heltzeko prest daudela nabarmendu dute azken egunotan koalizio abertzalearen zein jeltzaleen ordezkariek.

Talde txikienetik handienera aztertuko dituzte proposamenak, 09:30ean hasita. Horrenbestez, UPyDren proposamena aztertzen hasiko dira lehendabizi. Gorka Maneirok zuzentzen duen alderdiak estatu federal simetrikoa eta Batzar Nagusiak ezabatzea proposatu du. Zerbait aldatzekotan, Konstituzioa moldatzeko prest agertu da, baina espainiar guztien artean berdintasuna lortzeko.

PPk ez du Gernikako Estatutua berritzeko premiarik ikusten. Moldatzekotan, Lurralde Historikoen Legea, Udal Legea eta Ekarpen Legea aipatu dituzte.

Sozialistek "marra gorririk jarri gabe" ekin nahi diote negoziazioari. Jose Antonio Pastor PSEk Legebiltzarrean duen bozeramaileak nabarmendu duenez, "nazioa"ren kontzeptuaz eztabaida daiteke, baina ez autodeterminazio eskubideaz. Eledunaren ustetan, "helburu abertzaleak bilatu eta gizartea zatitu nahi duten horiek" ez dituzte sozialistak ondoan izango.

PSEk 40 orrialdetan jaso du bere proposamena. Konstituzioaren erreforma hobesten duela, Gernikako Estatutua berritzeko prest azaldu da, baina egungo erronkei erantzuteko, eta betiere, legezkoak diren bideak erabilita, eta adostasuna lortzeko. Sozialisten irudiko, autogobernuaren "indartze soziala" bilatzen dute. Espainiarekin hautsi edo independentziarako aukera baztertu dute, baina egokiena lehendakariak testu artikulatua aurkeztea dela azpimarratu dute.

EH Bilduk "aukera" ikusten du EAJrekin oinarri batzuk adosteko, batez ere Euskadi subjektu politiko gisa hartzeko eta erabakitzeko eskubidean. Eskumenen gaian, "egitura politiko burujabeak" eta "estatu propioa" aldarrikatu ditu koalizioak, eta hor egon liteke akordiorako oztopoetako bat. Izan ere, egitura propioetarako bidea alde bakarrez egitea proposatu du EH Bilduk, "aldebikotasunaren atea itxita" dagoela ulertuta.

EAJk aurkeztutako agiriak jasotzen duenez, Euskal Herria" nortasun propioa" duen herria da eta, ezberdintasunen gainetik, "nazio izaera" hori jasota egon beharko luke proiektu berriak. Subjektu juridikoa eta politikoa osatzen duelarik, jeltzaleek ulertzen dutenez, "erabakitzeko eskubidea" ere aitortu beharko luke, horretarako bide ezberdinak izanik.

Autogobernu mailari dagokionez, berriz, Estatutua berritzeko proiektuak jaso beharko luke, jeltzaleen iritziz. Hala, egungo eskumenen banaketa aldatzea, Euskadirenak diren berezko eskumenak aitortu, eta Kontzertu Ekonomikoaren sistemaren antzera, Kontzertu Politikoa proposatzen du EAJk.

Jeltzaleek proposatutako prozeduran, bi galdeketa aurreikusi dituzte. Eusko Legebiltzarrak onartu ondoren, loteslea izango ez den kontsulta bat egingo litzateke, eta Gorteetatik pasatu ondoren, behin betiko erreferenduma egiteko beharra azpimarratu dute.

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
PNV-EAJ Albisteak Alderdi Popularra UPyD Eusko Legebiltzarra bideoak Euskal Autonomia Erkidegoa EH Bildu PSE-EE albisteak Albisteak